argia.eus
INPRIMATU
Netanyahu eta Hamasen buruzagitza atxilotzeko eskatu du Hagako Auzitegiko fiskalak
  • Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalak eskatu du astelehen eguerdian Israelgo Lehen Ministro Benjamin Netanyahu eta bere Defentsa Ministro Yoav Gallant atxilotzeko, guda krimenak egotzita. Ondoko hiru palestinar hauen aurka ere gauza bera eskatu du: Hamaseko buruzagi Yahya Sinwar eta Ismail Haniyeh eta Al Qassen Brigada armatuko buru Diab Ibrahim al-Masri.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2024ko maiatzaren 20a

Karim Khan fiskalak CNN telebista katean emandako elkarrizketa batean jakinarazi duenez, –ondoren komunikatu ofiziala zabaldu dute– Hagako auzitegiari eskatu diola Netanyahu eta Gallant agintari israeldarrak atxilotzeko, Hamaseko hiru liderrekin batera. Israeldarrak guda krimenak egitea, zibilen artean gosetea eragitea, langile humanitarioei eraso egitea eta azken batean, nazioarteko legea urratzea egotzi diete.

Atxilotzeko agintzeko eskatu dion Gazako erresistentziako hiru goi agintariak ere hauek dira: Yahya Sinwar, Ismail Haniyeh eta Mohammed Deif. Urriaren 7an guda krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak egitea egotzi dizkiote, hilketak eta pertsonak gatibu hartzea barne.

“Israelek nahita eta era sistematikoan ukatu dizkio Gazako biztanleria zibilari giza biziraupenerako beharrezko diren ezinbesteko objektuak, jaso ditugun frogek berresten dutenez (bizirik atera direnekin eta lekukoekin eginiko elkarrizketak, bideoak, argazkiak eta audioak aztertuta, satelite-irudiak bilduta eta ustezko talde egilearen adierazpenak barne)”, adierazi du abokatuak komunikatuan. Gogoratu du gosea "gerra-metodo gisa" erabili dela, beste zenbait eraso eta zigor kolektiborekin batera, "ekintza larriak, ikusgarriak eta eztabaidaezinak" direla. Krimenen artean, desnutrizioa, deshidratazioa, sufrimendu sakona eta etenik gabe palestinarrak hiltzea daude, haurtxoak, gazteak eta emakumeak barne”.

Karim Khan da Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskala.

Israelgo agintarien aurkako atxilotze agindu eskaera hau aurrekaririk gabekoa da, onartuko balute, CNNk azpimarratu duenez, lehen aldia bailitzateke AEBen aliatua den herrialde bateko agintari gorena atxilotzeko eskatu dutena. Vladimir Putinen aurka ere zigor bera eskatu zuen Hagako auzitegiak, Ukrainako inbasioaren harira.