argia.eus
INPRIMATU
Nestléren fabrika baten isuriek hiru tona arrain hil dituzte Frantziako Aisne ibaian
  • Igandean Nestleren lantegi batek Aisne ibaian isuritako lohiek aurrekaririk gabeko hondamendia eragin zuten: hiru tona arrain hil dira. Agintariak kutsadura mugatzen saiatzen ari dira, behin kaltea egin ostean.

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 14a
Argazkia: Fédération de pêche des Ardennes

Astearte goizetik dozenaka boluntario bildu ditu Frantziako Ardenetako Arrantza Federazioak, arrantza tristea egiteko: kutsaduragatik hildako milaka arrain. Halaxe jakinarazi du L 'Union egunkariak.

Antza denez, Nestlék Challerangen duen fabrika da Aisne ibaiko kutsaduraren sorburua. Hildako lehen arrainak eta kutsadura igandean nabaritu ziren, errekatik 6 kilometrora. Karpak, ipurtargiak, aingirak... espezie guztiak kaltetuak izan ziren. "Sinestezina da, horrelako kutsadura maila ikusten dudan lehen aldia da", esan du Daniel Drivière bertako arrantza enpresako presidenteak. "Hamar urte beharko lirateke hainbeste arrain aurkitzeko".

Asteazken gauean, Michel Adam Ardenetako Arrantza Federazioko presidenteak iragarri zuen salaketa jarri zuela Nestléren aurka " kutsaduragatik eta Ingurumen Kodearen 432. artikulua urratzeagatik". Kalteak "milaka eurokoak" direla uste du.

Ardenetako prefeturaren arabera, "Goizegi da kutsadura horren jatorriari buruzko behin betiko ondorioak ateratzeko. Kutsaduraren hedapenaren aurkako borroka zaila da, nahiko diluituta dagoelako lehortearen eta korronte faltaren ondorioz". Lastozko fardoen presa bat jarri da ibaian, lohi-irristatzearen mugimendua iragazteko eta geldiarazteko.

Uraren analisiek agerian utzi dute gaur egun ez dagoela arriskurik herritarren osasunerako, baina uretako kirol guztiak eta aisialdiko jarduerak debekatuta daude abisu berrirarte. Azterketa berriak egitea ere aurreikusten dute.

Badirudi Nestlé fabrikako ur tratamendurako instalazioan izandako hutsegin batek eragin zuela igandeko ezbeharra, 09:00ak aldera. Taldeak "barkamena" eskatu zuen eta lantegiak bertan behera utzi zituen bere jarduerak. Ez omen dakite zein puntutaraino eragin duten kutsadura hori: "bere jatorria askotarikoa izan daiteke. Toki honetan, beroarekin, uretan dagoen oxigeno kantitatea oso baxua da. Gure barne ikerketaren emaitzen zain gaude".

 

APPEL A BÉNÉVOLES !!!! Suite à la pollution sur l'Aisne, nous menons une vaste opération pour retirer le poisson mort...

Posted by Fédération de pêche des Ardennes on Tuesday, August 11, 2020