argia.eus
INPRIMATU
Kanpaina abiatu dute Nestlék botilako urik ez dezan ekoitzi Kalifornian
  • Kalifornia bere historiako lehorte handiena ari da pairatzen. Elikagaigintza enpresa erraldoiak Kaliforniako ur erreserbak botilaratu eta saltzen segitzen du botilako ura produzitzeko. Sinadura kanpaina abiatu dute Nestlé geldiarazteko.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko urriaren 16a
Laugarren urtea da lehortea hasi zenetik Kalifornian, eta egoera oso larria da.

Laugarren urtea da lehortea hasi zenetik Kalifornian. Egoeraren larritasuna dela eta, maiatzean, estatuko uraren kontrolerako agentziak mugak jarri zion kontsumoari zenbait hirigunetan: murrizketek erabiltzaile arruntei eragin die, eta ez nekazariei. Helburu nagusia, lorategien zaintzan uraren erabilera murriztea da. %4 eta %36ko murrizketak egin dituzte eremuaren arabera.

Kaliforniako milioika litro saltzen ditu Nestlék.
Litro bateko botila produzitzeko 1,39 litro ur

Uraren erabilera mugatzeko agindua ezarri bada ere, Nestléren lantegiak ehuneko ehunean ari dira lanean. Adibide harrigarri baten berri ere eman dute The story of stuff project ekimenetik. Une honetan, Nestlé enpresa San Bernardinoko parke naturaleko ur erreserbak ustiatzen ari da orain dela 25 urteko baimen bati esker. Nahiz eta gobernuak katastrofe eremu izendatu lekua, lehortearen ondorioz. Nazioarteko Botilako Uraren Elkarteak kaleratutako ikerketa baten arabera, AEBtan botilako ura produzitzen duten enpresek 1,39 litro ur behar dute litro bateko botila egiteko.

AEBtako Nestléren zuzendariak adierazi du ur botilak produzitzen jarraituko dutela, “jendeak ura behar duelako”. Ur botilak saltzeari utziko balute, beste norbaitek egingo zukeela azaldu du, eta aukera izanez gero produkzioa handituko lukeela gaineratu du.