argia.eus
INPRIMATU
Nestlé-k egunean 3 milioi litro erauzi nahi ditu Floridako zingira batzuetatik
  • Proiektuaren aurkakoek erauzketa hori jasangarria ez dela diote. Horrez gain, desagertze arriskuan dauden hainbat espezie daude bertan, dortokak esaterako.

Iñaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko abuztuaren 27a
Ginnie Spring zingirak.

Ginnie Spring iturburua Floridan dago (AEB), eta Nestlé multinazionalaren esku egotera igarotzeko arriskuan dago. Instituzioen baimena jaso ezkero, Nestlé berehala hasiko da bertatik ura erauzten, 3 milioi litro egunean. Honek hainbat talde ekologista haserretu ditu, eta proiektuaren aurrean izango dituztela adierazi dute.

Santa Fe ibaiaren ondoan dago Ginnie Spring, eta erauzketak iturburuaren ur-maila asko jaitsiko duela salatu dute, bertako ekosistema mehatxatuz. Multinazionalak ura botilaratu nahi du merkatuan saltzeko, baina talde ekologistek ofizialki “berreskurapenean dagoen eremua” dela esan dute, lehenagoko gehiegizko erauzketa dela eta. Hau dela eta, proiektua gelditu nahi dute ingurunearentzat “kaltegarria” eta interes publikoaren aurkakoa dela argudiatuz.

Nestlé-k ura botiletan sartzeko fabrika bat erosi eta hobetu du jada Ginnie Spring-etik gertu, baimena lortuko duelakoan. Hau lortzeko, enpresak dio iturburuko ura azkar berriztatzen den baliabide bat dela, eta eguneko 3 milioi litroko erauzteak eragin larririk izango ez duela. Bestalde, erauzketa “jasangarria” izango dela adierazi dute, bertako ekosisteman negatiboki ez eragiteko.

Proiektuaren onarpena azaroaren erdialdean ematea espero da, eta honen aurkakoek hainbat eskaera egin dituzte proiektua gelditzeko, baita online sinadura bilketa bat ere. Hauen ustetan ingurumenean izango duen eragina nahikoa da proiektua debekatzeko. “Galdera ondorengoa da: zein eragin izango du erauzketak iturburuan? Zer nolako aldaketak egingo dira uraren sisteman?” esan du Merriellee Malwitz-Jipsonek, Our Santa Fe River (Gure Santa Fe Ibaia) elkarteko zuzendariak.

“Santa Fe ibaia gainbeheran dago jada eta akuiferotik ez da zingira eder hauek betetzeko behar beste ur ateratzen. Ezinezkoa da milioika galoi ur ateratzea eraginik izan gabe. Edalontzi bati ura kendu ezkero, beti izango du ur gutxiako”, esaten amaitu du Malwitz-Jipsonek.