Irailetik aurrera, ikastetxe publikoetan abayah janztea debekatuta izango dute ikasleek Frantziako Estatuan. Neska musulman ugarik soinean eraman ohi duen tunika edo bata modukoa da abayah. Laikotasunaren defentsa ala islamofobia, hautsak harrotu ditu erabakiak.
Neurriak laikotasunaren printzipioa betetzeko beharrari erantzuten diola argudiatu du Frantziako Gobernuak. Aurrez, debekatuta daude belo islamikoa, kippa judutarra, sikh turbantea edo dimentsio handiko gurutze kristauak. Sinbolo erlijioso “diskretuak”, ordea, baimenduta daude. Ikastetxe pribatuei ez die eragiten neurriak.
Eskuineko alderdiek pozez hartu dute erabakia. “Komunitarismoa da Errepublika mehatxatzen ari den lepra”, esan dute Les Républicains alderditik. Ezkerreko alderdi batzuek ere ongi ikusi dute debekua, baina beste batzuek kutsu populista xenofoboa antzeman diote erabakiari eta laikotasunaren defentsarekin baino gehiago islamofobiarekin lotu dute. Frantziako Gobernua musulmanekin “obsesionatuta” dagoela adierazi dute La France Insoumise alderditik: “Noraino iritsiko da janzkeraren polizia? Neurria konstituzioaren aurkakoa da, musulmanenganako gaitzespen obsesiboaren seinale”.
"Iaz top motza debekatu zuten, orain abayah, beti emakumeen eta neska gazteen gorputzen gaineko kontrol soziala da helburua"
Ez da lehenengo aldia Frantziako Estatuan gisa honetako debekuak egiten direna. Duela urte batzuk, herri ugaritan burkinia erabiltzea debekatu zutenean, zuzenean indarkeriarekin lotu zuten, burkinia “jihadismoarekiko atxikimenduaren seinale” dela edota “probokazio gisa” interpretatu behar dela argudiatuz, halako janzkerek gizartean “tentsioa areagotu dezaketela” adierazteraino. Emakumeen zapalkuntza ere izan ohi da justifikazio: “Emakumezkoen menderatzea oinarri duen proiektu politiko baten emaitza” dira jantziok, Manuel Valls orduko lehen ministroaren arabera.
Emakumeen gorputza jomuga
Kontuak kontu, neska gazteak izango dira neurri hau jasango dutenak. “Iaz top motza debekatu zuten, orain abayah, beti emakumeen eta neska gazteen gorputzen gaineko kontrol soziala” da helburua, kritikatu dute Berdeak alderditik. Briggite Vasallo aktibistak ere antzeko ildotik irakurri zuen afera, burkinia debekatu zutenean: “Beloa edo burkinia ez dira eztabaida, eztabaida da arrazoia dena dela ere horrela janzten diren emakumeak espazio publikoetatik baztertzen ari garela. Eta emakume hauek, gainera, Europan biolentzia arrazista bereziki latza jasaten ari den talde minorizatu baten partaide dira; arnasa hartu ahal izateko eremuak errazten aritu beharko ginateke eurentzat”.