Barañaingo Gazteraiki topaketetan aurkeztu zuten proiektua. Arabako Ozetan egingo dituzte Euskal Herriko lehen neska gazteen udaleku feministak. Lehenengo egunean espazio bat zabalduko dute egitaraua denen artean osatzeko.
Helburu ugari izango dituzte neska gazteen udaleku feministek. Alde batetik, neska gazteak elkartu eta elkarrekin hausnartzeko espazio bat sortu nahiko lukete, zapalkuntzei aurre egiteko tresnak sortzeko. Horrela, aldi berean, neska gazteak ahalduntzea dute xede, formakuntza eta autoestima bultzatuz. Guztia ez da esparru formalera mugatuko, baina: aisialdirako tartea ere izango da neska gazteen udaleku feministetan. Honela laburbildu dituzte helburuak: "Neska gazteon kezkei erantzuteko jarriko ditugu martxan Udalekuak, gure nahiei kasu egiteko, elkar zaintzeko eta gorputzak zein barruko korapiloak askatzeko; libre eta feminista izateko behar dugun hori geureganatuz edota sortuz".
Antolakuntza astunegia ez izate aldera, bestalde, leku kopurua 100 neska gaztera mugatu dute. "Botere helduaren eta botere patriarkalaren aurrean segurua izango den espazio bat sortzeko", halaber, neska eta gazteei mugatuko dizkiete topaketak, baita euskaldunei ere -hizkuntza ulertu edo adierazteko zailtasunak dituztenentzat bitartekoak jarriko dituzte, halere-.
Azaldu dutenez, mugimendu orokorrari ekarpena egin nahiko liekete topaketa hauekin: "Udalekuak ez dira burbuila isolatu bat izango espazioan, modu zuzenean edo zeharka, Euskal Herriko mugimendu feministari ekarpena egiteko asmoa dute".
Antolakuntza eredua parte hartzailea izan dela jakinarazi dute lan-talde desberdinak osatuz bakoitzak bere alea jarriz askoren arteanudalekuaren egitura eraikitzeko: sukalde, egitaraua, azpiegitura...
Informazio gehiago: gazteudalekufeministak.eus
Albiste hau Topatuk argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.