argia.eus
INPRIMATU
Neska baten hilketak milaka herritar atera ditu kalera Argentinan
  • 16 urteko neska bortxatu eta hil ondoren argentinarrek kaleak hartu dituzte. Herrialde horretan urtero 200dik gora emakume hiltzen dituzte.

ARGIA @argia 2016ko urriaren 20a
"Ezta bat gutxiago ere" eta "Gure buruak bizirik nahi ditugu" moduko leloak erabili zituzten manifestazioan. Argazkia: Eitan Abramovich/AFP/Getty Images

Urriaren 19rako bi deialdi egin zituzten. Eguerdian ordubeteko lanuzteak egingo zituzten eta arratsaldean manifestazioa Buenos Airesen.

Bai batean bai bestean beltzez jantzita egin zuten oihu indarkeria matxistaren aurka, eta oraingoan bereziki 16 urteko Lucía Pérezen bortxaketa eta hilketaren aurka.

Lanuzteak lantoki pribatu zein publikoetan egin zituzten. Eraikin publikoak, ministerioak, garraioa eta eskolak gelditu ziren eta emakumeak (baita gizon batzuk ere) lantegiko atarietan elkartu zituzten protesta egitera. Arratsaldean manifestazio jendetsuena Buenos Airesen egin zuten, baina Argentinako beste zenbait eskualdetan eta Hego Amerikako beste hainbat herrialdetan ere protestak izan ziren.

Urrian, Argentinan, 20 emakume hil dituzte. Urteko batez bestekoa 30 orduko hilketa bat da.

Azken urtean indarkeria matxistaren aurkako mugimenduak kalean indarra hartu du, besteak beste, iaz haurdun zegoen 14 urteko Chiara Páez neska hil zutenetik.

Mauricio Macri Argentinako presidenteak begi onez hartu du protesta, eta adierazi du hezkuntza dela giltza: “Heziketari esker ulertuko da mota guztietako bortizkerietatik urrundu behar dugula, eta bereziki genero bortizkeriatik, zeina gaur egun gogor jotzen ari zaigun”. Oposizioak indarkeria matxistaren aurka egiteko baliabide nahikoa ez duela bideratzen salatu du.

Informazio gehiago The Guardianen lotura honetan.