Pablo Neruda poeta txiletarraren gorpua aztertzen hasiko da gaur Mario Carroza epaileak zuzenduriko aditu taldea. Azterketak, duela 40 urte hil zen idazlearen heriotza pozoiduraz eginiko hilketa bat izan ote zen argitzea du helburu. Tartean Paco Etxeberria EHUko medikua dago.
Historia ofizialak Neruda prostatako kantzer batengatik hil zela dio, Pinocheten estatu kolpea gertatu eta 12 egunetara. 2011n, ordea, idazlearen txoferrak Pinocheten beraren aginduz pozoitua zutela salatu zuen Proceso aldizkari mexikarrean. “Poetak herrialdea utzi behar zuen estatu kolpea gertatu zenean. Baina hegazkina hartu baino lehen, ospitalean ingresaturik zegoela probestuz, pozoitu egin zuten”, dio salatzaileak.
Alderdi Komunistak (PC), Neruda bertako militantea izanik, haren heriotza argitzeko eskaera egin zuen salaketa entzun eta berehala. Carroza epaileak kasua ireki zuen, eta bi urteren ondoren, idazlearen gorpua hilkutxatik atera eta aztertu beharra dagoela esan du.
Isla Negran poetak zuen etxearen ondoan lurperaturik dagoen gorpua aztertzean, hainbat galderari erantzuten saiatuko dira: Kantzerrak hil al zuen? Substantzia toxikoren bat sartu al zioten? Hori argitzeko, alor ugaritan adituak diren medikuak ari dira lanean, konkretuki, Mediku Zerbitzu Legaleko (SML) lau kide, Txileko Unibertsitateko lau kide eta nazioarteko lau aditu, Etxeberria tartean.
Karpa bat instalatu dute Isla Negran bertan, prozesuaren intimitatea ziurtatzeko. Epailea eta 12 adituez gain, PCko abokatua, Nerudaren senide batzuk eta hiru nazioarteko behatzaile izango dira bertan. Hilkutxa lurpetik atera ondoren, SMLko laborategira eramango dute. X izpiez aztertuko dute gorpua, eta argazki erregistroak, analisi antropologikoak eta mediku-analisiak egin ostean, aurkitutako zantzuak beste hainbat laborategitara eramango dituzte.
Jarraian, EITBk webgunean argitaratutako bideoa: