argia.eus
INPRIMATU
Nerea Ibarzabalek irabazi du Larrabetzuko finalaurrekoa eta osatu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala
  • Hirugarren eta azken finalaurrekoa jokatu da abenduaren 4an Larrabetzun; bete-bete egin da frontoia.

Bertsozale.eus @bertsozale 2021eko abenduaren 06a
Argazkia: bertsozale.eus.

Sarrerak agortu dira azken finalaurrekorako: 700 lagun elkartu dira Larrabetzuko frontoian Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren azken finalaurrekoan. Kanpoan hotz, baina giroa bero frontoi barruan, sei lagun hauek kantatu dute bertsozaleentzako:

Ander Elortegi Garatea

Eneko Abasolo Txabarri ‘Abarkas’

Jone Uria Albizuri

Julen Arzanegi Erezuma

Nerea Ibarzabal Salegi

Txaber Altube Sarrionandia

Lan puntuagarri guztiak egin ostean Nerea Ibarzabal izan da puntu gehien batzea lortu duena, 542,5 puntu. Beraz, abenduaren 18an Bilbon jokatuko den finalerako txartela lortu du Markina-Xemeingo bertsolariak. Horrela geratu dira gaurko puntuazioak:

Nerea Ibarzabal Salegi...........................542,5

Jone Uria Albizuri....................................534

Txaber Altube Sarrionandia....................483

Ander Elortegi Garatea...........................477

Eneko Abasolo Txabarri 'Abarkas'..........469

Julen Arzanegi Erezuma........................436,5

Gaurkoan, Itxaro Juaristi Olaetxeak egin ditu gai-emaile lanak. Epaimahaian jardun dutenak Alaitz Etxanobe Bereziartua, Ander Arrien Aspiazu, Ander Txakartegi Basterretxea, Graxi Arregi Leonardo, Joseba Santxo Uriarte eta Miriam Juaristi Urizar izan dira. Itziar Basterretxea Olarreagak egin ditu idazkari beharrak.

Finalistak, erabakita

Gaurko saioa jokatuta, erabakita geratu da zeintzuk izango diren Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean kantatuko duten zortzi bertsolariak:

Aitor Bizkarra Ruiz

Aitor Etxebarriazarraga Gabiola

Etxahun Lekue Etxebarria

Gorka Pagonabarraga Agorria

Jone Uria Albizuri

Nerea Ibarzabal Salegi

Onintza Enbeita Maguregi

Xabat Galletebeitia Abaroa

Zortzi horiez gain, Txapelketa Nagusian kantatzeko sailkatu dira Miren Amuriza Plaza eta Oihana Bartra Arenas ere.