argia.eus
INPRIMATU
Nerea Ibarzabalek eskuratu ditu Baionako saioko puntu gehien eta finalean hiru emakume arituko dira
  • 2.000 bertsozale elkartu ziren azaroaren 26an Baionako Lauga aretoan, bigarren finalaurrekoa gozatzera. Finaleko lehiari begira bazuen bere emozioa saioak, batetik, hanka bat barruan zuten Sustrai Colinak eta Beñat Gaztelumendik beren hautagaitza berretsi behar baitzuten, eta bestetik, lehen finalaurrekoko saioan puntuetan Aitor Bizkarrarengandik gertu geratu ziren Julio Sotok eta Nerea Ibarzabalek jauzi egingo ote zuten Aitor Bizkarrak ezarritako 1.329ko langatik gora. Eta bai, horiek guztiak gertatu ziren.

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 28a
Baionako saioa bukatu berritan. Argazkia: Alberto Elosegi /XDZ.

Nerea Ibarzabalek 671,5 puntu eskuratu zituen, Sustrai Colinak 668, Beñat Gaztelumendik 656,5 puntu, Julio Sotok 643,5 puntu, Unai Agirrek 639,5 puntu eta Eñaut Martikorenak 584.

Sustrai Colinaren ganbarako gaia izan zen saioan puntu gehien lortu zituen bertsoaldia. Hemen ikus daitezke saioko lan bakoitzak jaso zituen puntuak, eta hemen ikusentzun daitezke Colinaren ganbarako bertsoak.

Hemen irakur daiteke Nerea Ibarzabali saioa bukatu berritan Elixabet Etxandik egindako elkarrizketa: "Bertso plaza aldatu egin da azken urteetan eta arriskua ikusten nuen finala plazako iruditik urrun geratzeko"

Bilboko saioaren faltan, zer dio sailkapen taulak?

Abenduaren 3an Bilbon jokatuko da hirugarren eta azken finalaurrekoa. Bertan kantatuko dute hanka bat finalean duten eta jokaldia errematatzea baino falta ez zaien Aitor Mendiluzek eta Joanes Illarregik. Amets Arzallusek lehen saioan 688 puntu eskuratu zituen (Oihana Iguaranen eta Julio Sotoren pare) eta bigarren saioan finalerako txartela eskuratzen ahaleginduko da. Eta lehen saioan 660 punturen bueltan lortu zituzten Saioa Alkaiza eta Jone Uria ere (Aitor Bizkarra, Nerea Ibarzabal eta Agin Laburuk lehen itzulian lortutako puntuak baino 10 puntu gutxiago, gutxi gora behera) ahalik goren jauzi egiten saiatuko dira, finaleko azken txartelaren bila.

Aukera horiek denak daude oraingoz zabalik. Baina dagoeneko ziurra dena da, finalean gutxienez hiru emakume arituko direla aurtengoan. Izan ere, Nerea Ibarzabal laugarren postuan dago, eta goian aipatutako Aitor Mendiluze, Joanes Illarregi eta Amets Arzallus sartuko balira, Ibarzabal ere sartuko litzateke finalean, zazpigarren postuan. Eta Bilbon Ibarzabalek baino puntu gehiago eskuratuko lezaketen besteak Alkaiza, Uria eta Maialen Arzallus lirateke, emakumeak guztiak.

Oraingoz honela daude sailkapeneko goiko postuak: Alaia Martinek 1.405,5 puntu ditu, Sustrai Colinak 1.378, Beñat Gaztelumendik 1.373, Nerea Ibarzabalek 1.344,5 puntu ditu, Julio Sotok 1.329,5 puntu ditu, eta Aitor Bizkarrak erdi bat gutxiago 1.329 punturekin, eta oraingoz zazpigarren postuan da Oihana Iguaran 1.321 punturekin.

Nerea Ibarzabal finalarekin amesteko moduan da, Baionako puntu-erantzunetan aipatu zuen moduan. Eta Bilboko saioaren zain, aukera handiak daude aurtengo finalean nafar bat aritzekoa, Euskal Herriko Txapelketan oso aspaldiko partez. Izan ere, oraingoz Julio Soto seigarren dago sailkapen taulan, eta Joanes Illarregik lehen finalaurrekoan lortutako puntuei esker, eskura du jokaldia errematatzeko aukera. Mendiluze, Illarregi eta Arzallus sartuko balira finalera (edo horrez gain Uria edo Alkaizak eskuratzen badute finaleko txartela), Soto finalaren ateetan geratuko litzateke, Baionako ganbarako gaian doinu ederrean egin zuen lan biribilak irudikatutako moduan.