Espainiako Estatuko 12 eta 17 urteko gazteek sarean sei ordu baino gehiago pasatzen dituzte egunean, eta bost gaztetik batek pantailekiko menpekotasuna garatzeko arriskua du, dio Somos Conexión telekomunikazio kooperatibak. Udako oporretan haur eta gazteek pantaila aurrean denbora gehiago igarotzen dutela-eta, hainbat ohar egin ditu.
Bi-hiru urteko umeek ez lukete egunean 10 minutu baino gehiago pasa behar pantailaren aurrean; lau eta sei urte artean, 30 minutukoa da muga; eta zazpitik hamar urtera, ordubete. Hala diote Somos Conexión kooperatibako kideek –beste kopuru batzuk ematen ditu Osasunaren Munduko Erakundeak–, baina datuek garbi uzten dute oro har handiagoa dela pantaila aurrean haur, gazte nahiz helduok igarotzen dugun ordu kopurua.
“Kopuru horiek bereziki kezkagarriak dira opor garaian, gazteek orduak eta orduak pasa ditzaketelako gailu elektronikoekin”, dio erakundeak: mugikorraren erabilera gehiegizkoak eragin dezake harreman sozialak alboratzea, baita antsietatea, insomnioa edota menpekotasuna sortzea ere, ohartarazi dute.
Haurren pantaila kontsumoa udan, aintzat hartu beharrekoak
Pantailak kontsumitzeko moduez, mugak jartzeko zailtasunez eta baliabide gisa saihestu beharreko uneez hainbat gogoeta jaso genituen Argian. Tartean bi gako interesgarri eman zituzten: bat, “kontua ez da hainbeste zer egiten duen pantailari begira dagoela, baizik eta zer ez duen egiten pantailari begira dagoenean, zenbat denbora kentzen dion jolasteari, esploratzeari, sortzeari…”; eta bi, “aspertzea ere ikasketa prozesu bat da, erritmo berrietara egokitzeko, pazientzia eta autokontrola garatzeko, irudimenari lekua egiteko”.
Lehenengo mugikorra, 16 urterekin
Espainiako kooperatibaren arabera, lehen mugikorra izateko adina 16 urte da, baina honako honetan ere, datuek diote adinez txikiagoak direnean jaso ohitu dutela haurrek beren lehen mugikorra. Kooperatibaren hitzetan, presio sozialak eragin handia du gai honetan. Hain justu, guraso eta eskolak inplikatzea eta lehen mugikorraren adina denen artean adostea inportantea dela frogatu dute Irlandako Greystones hirian.