argia.eus
INPRIMATU
Nerabeak motibatzen: neurozientziak ematen dizkigun gakoak
  • Sarak 14 urte ditu eta txikitatik ikasle eredugarria izan da, baina DBHko hirugarren mailan arreta galtzen hasi da, emozio festa betean. Matematikekin ez atzera ez aurrera dabil. Etxean, aitak komentatu du familian inoiz ez direla zenbaki-zaleak izan, eta Sarak bere buruari galdetu dio: zertarako ahalegindu?

Cristina Pascua Martin Lucia Barrenetxea-Minguez 2024ko urriaren 02a

Agerikoa da: Sara desmotibatuta dago. Motibazio akademiko falta gero eta handiagoa da nerabeen artean, estatistiken arabera. Beraz, hori aldatzeko zerbait egitea premiazkoa da. Baina lehenengo ulertu behar dugu errealitate hori aldatu nahi badugu, harago joan behar dugula, zergatia aurkitu. Eta hori da hain justu ikasketaren neurozientziak eskaintzen duena: burmuinaren arkitektura anatomiko eta funtzionala ulertzearen garrantzia azpimarratzen du, hain justu burmuinaren osasuna eta errendimendua indartzea helburu.

Nerabeen burmuina

Pentsa daitekeenaren kontra, nerabeen burmuina ez da helduen burmuinaren bertsio murriztua. Anatomikoki eta funtzionalki ezberdina da, eta ondorioz, haren jarrera eta beharrak ere ezberdinak dira.

Irudikatu Sara frustratu egiten dela eta matematikak uzten dituela. Pentsa dezakegu nerabe melodramatikoa dela, intentsua eta inpultsiboa. Halako jarrerak sarri hormonei egozten zaizkie. Baina Sararen burmuina esperimentatzen ari den aldaketaren zati bat baino ez da. Neurozientzia Kognitiboaren Londresko Institutuak eginiko ikerketa batek iradokitzen du halako jarrerek erantzuten diotela nerabezaro garaian kortex prefrontalean (sistema arrazionalean) ematen den heldutze geldoari eta sistema linbikoak (sistema emozionalak) bizi dituen aldaketei. Nahikoa heldu gabe dagoen kortex prefrontala eta sari sistema erreaktiboagoa uztartuta, ondorioa da nerabeen burmuinek ez dutela helduen burmuinek bezain modu eraginkorrean funtzionatzen, planifikazioari, frustrazioaren tolerantziari eta inpultsuen inhibizioari dagokienean. Alegia, joera handiagoa dutela gaindituta eta estresatuta sentitzeko.

Motibazio akademikoa neurohezkuntzatik

Ideia hau bereziki garrantzitsua da motibazioaz ari garelarik, ulertu behar dugun lehenengo gauza delako burmuina beti ari dela aukeratzen beldurtu behar duen ala motibatu. Beldurtzen bada, ihes egiteko prestatzen da, egoera hori bukatu dadin. Berdin dio ikaslea oso inteligentea bada ere: ezingo du ulertu ez ikasi, nahiz eta horretarako gaitasuna izan, beldurraren eremua aktibatzen zaionean eremu arrazionalean jarioa gutxitu egingo zaiolako, eta ondorioz arretak eta motibazioak behera egingo dute.

Horregatik, neurozientziak dio estres negatiboa (gehiegizko estresa) saihestu behar dela ikasgelan, motibazioaren eta hortaz ikasketaren mesedetan. Irakasleek motibazio handiagoa eragiteko ahalmena dute, gehiegizko estresa minimizatzen duen ikasketa giroa sortuta.

Norabide horretan lagungarria den praktika pedagogikoa azpimarratu nahi dugu: hazkundearen pentsamoldea sustatzea.

Pentsamolde finkoa vs. hazkundearen pentsamoldea

Carol Dweck psikologo estatubatuarrak dio egoera zailak ulertzeko eta horiei erantzuteko bi modu daudela: pentsamolde finkoa eta hazkundearen pentsamoldea. Zein pentsamoldek lagunduko dio Sarari “beldur modutik” atera eta “motibazio moduan” sartzen?

Pentsamolde finkoa duten pertsonek uste dute inteligentzia eta trebeziak ezin direla aldatu. Eduki edo ekintza zail batekin aurkitzen direnean, ez dira tematzen, pentsatzen dutelako denbora eta ahalegin asko eskaini arren inoiz ez dutela egitea lortuko.

Aldiz, hazkundearen pentsamoldea duten pertsonek uste dute talentua eta trebeziak garatu egin daitezkeela lan jarraituari, ikasteko estrategiei eta, zergatik ez, laguntza eskatzeari esker. Halako pertsonen pentsaera ohikoenak dira: “Zerbaitetan ona ez banaiz, ahalegindu egin beharko dut langa hori gainditzea lortzeko”.

Jakina, Sarari lagunduko dion pentsamoldea hazkundearena da. Eta horrek beste galdera bat dakar berarekin: zer egin dezakete hezitzaileek pentsamolde hau sustatzeko?

Hazkundearen pentsamoldearen baitan, akatsa ulertzen da ikas-prozesuaren erreminta bat gehiago bezala. Hezitzaileei eskatzen zaie ikasleei aukera eman diezaietela akatsak egiteko

Ebaluazio hezigarria: zer da?

Hazkundearen pentsamoldea sustatzeko irakasleek erraz eta emaitza eraginkorrekin egin dezaketen zerbait da ebaluazio hezigarria, hots, hobetzeko tarteetan indarra jartzea eta ahaleginari eta praktikari garrantzia ematea, prozesuari alegia.

Gainera, hazkundearen pentsamoldearen baitan, akatsa ulertzen da ikas-prozesuaren erreminta bat gehiago bezala. Hezitzaileei eskatzen zaie ikasleei aukera eman diezaietela akatsak egiteko eta feedbacka jaso dezatela eduki deskriptiboekin (hobetzen jarraitzeko zer egin behar duten pixkanaka eta garbi azalduta). Hala, egitekoaren kalitate kontrola ez dago berezko dohain batzuen bizkar, baizik eta ahaleginaren bidez norberak egin ditzakeen gauza zehatzetan.

Mezu nagusia da ikasleek ikasi ahal izan dezaten “hazkunde moduan” egon behar dutela, eta ez “biziraupen moduan”. Giro hori sortzea helduon ardura da, sistema arrazional eta emozional helduagoa eta orekatuagoa dugun heinean. Horregatik, familiek, irakasleek eta orientatzaileek aipaturiko estrategietan sakondu dezakete, eta batez ere, beren jarrera eta jokabideetan mezu hori nola transmititu ikasi. Bai ikasgela barruan, bai kanpoan, hazkundearen pentsamoldetik bizitzeak indartzen du ikasteko eta irakasteko dugun berezko motibazioa.