Emakundek Azaroaren 25erako zabaldutako kanpainaren arabera, pornografia bihurtu da haur eta gazteen sexu indarkeria eskola. Egitasmoa kontrastatu dugu aditu zein arituekin, eta EAEko instituzioen koherentzia falta kritikatu dute: sexu-heziketaren premia aldarrikatzen duten arren, ez dute hezkuntza-curriculumean txertatzeko politikarik.
Haur bat izaren azpian mugikorrean bideo bat ikusten. Gizon lirain bat, kamiseta barik, ohean eserita: “Angel Rossi dut izena eta aktore pornoa naiz. Hilabete pare bat daramat zure semeari menderatze teknikak irakasten, eta zure alabari nola izan menderatua”. Emakundek Azaroaren 25erako prestatutako spot-a da, EUDEL eta hiru foru aldundien atxikipenarekin zabaldu dutena. Gizon horren hitzen ondoren, andre baten off-ahotsa entzuten da: “Pornoa emakumeen aurkako indarkeriaren eskola da. Ez dezagun sexu-heziketa pornoaren eskuetan utzi”.
Emakunderen prentsa sailak ARGIAri zehaztu dio Save the childrenen-ek 2020an argitaratutako txosten batean oinarritu dela. Espainiako Estatuko 13 eta 17 urte bitarteko 1.753 gazte elkarrizketatuta, erdiak adierazi du pornografian inspiratzen dela sexu-esperientziak dituenean. Horrez gain, %30ak onartu du bideo horiek direla sexualitateaz duten informazio iturri bakarra.
Sexologo, sexu-hezitzaile eta guraso feministekin kontrastatu dugu kanpaina, eta antzeko hitzekin erantzun dute seiek: ikuspuntu alarmista, sinplista eta erredukzionista ematen duela. Bat datoz diagnostikoarekin neurri batean: sexualitatea esploratzeko irrika duten haur eta gazte askoren helduleku nagusia da porno mainstream heterosexuala, eta horrek estereotipo zein botere-harreman sexistak islatzen ditu. Baina ez dute konpartitzen pornografia deabrutzearen estrategia.
Izan ere, denek nabarmendu dute beste produktu kultural (sailak, bideojokoak…) eta instituzio sozial (kuadrilla, familia…) andanak duela eragina gazteen sexu- eta bikote-harremanetan. Orduan, zergatik horrenbeste zurrunbilo pornoarekin? Bruno Martínez Incisex eta Gurenduz sexologia institutuetako irakasleak erantzun du: “Sexuak pizten du alarma berezia. Harremanei buruzko mezu arriskutsuak topa ditzakegu Friends-en, baina instituzioek ez dute komedia erromantikoen kontrako kanpainarik egiten”.
Ibai Fresnedoren ustez, EITBk eta TV3ek ekoiztutako 'Porno belaunaldia' dokumentalaren boom mediatikoaren trenera igo da Emakunde: “Ukaezina da kezka badagoela hezkuntza komunitatean eta gurasoen artean. Landu behar dugu, baina ez alarmismotik, ezta kutsu sexofobo edo erotofoboa duen ikuspegi batetik”
Hiruki Larroxa kooperatibako kide den Ibai Fresnedoren ustez, EITBk eta TV3ek ekoiztutako Porno belaunaldia dokumentalaren boom mediatikoaren trenera igo da Emakunde: “Ukaezina da kezka badagoela hezkuntza komunitatean eta gurasoen artean. Landu behar dugu, baina ez alarmismotik, ezta kutsu sexofobo edo erotofoboa duen ikuspegi batetik”, adierazi du. Bat dator Florencia Arriola, Lore sexologiako sustatzailea: “Gaur egungo erronka da haur eta gazteek porno sexista eta bortitzera duten sarbidea, eta horrek eman diezaiekeen informazio nahasgarria. Baina irtenbidea ez da pornoa jomugan jartzea, sexu-heziketa integrala txikitatik bermatzea baizik, eduki horiek heltzen zaizkienerako begirada kritikoa izan dezaten”.
Metafora desberdinekin kokatu dute pornoa fikzioa eta fantasien eremuan gure elkarrizketatuek: superheroien filmen ikusleak ez direla hegan egiten saiatzen, edota akzio-bideojokoen zaleak ez direla tiroka hasten. Hala, Arriola Porno belaunaldia-rekin kritikoa den arren, positibotzat jo du porno-aktoreek nerabeei azaltzea praktika jakin batzuk antzezteko baliatzen dituzten trikimailuak: “Haur eta gazteei azaldu behar diegu ez direla eszena errealak, eta pertsonen arteko benetako interakzioak konplexuagoak direla”.
Mezu hutsalak eta plan estrategiko falta
Nerabeek interneten topatzen zuten pornoa kritikoki aztertzeko eta alternatiba etikoak ezagutzeko egitasmo bat jarri zen martxan Gasteizen 2017an, Udalaren ideia-lehiaketa baten irabazle izan ondoren: Porno Eskola izeneko gida didaktikoa. Urriaren 26an aurkeztu zuten sustatzaileek, eta abenduaren 18an itxi, Arabako Itunpeko Ikastetxeetako Ikasleen Guraso Elkarteen Federazioaren presioen ondorioz.
Azaroaren 25eko kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan euskal erakundeek helarazi duten mezua da kalitatezko sexu-heziketaren premia, baina elkarrizketatu guztiek salatu dute politika zehatzen falta. Hurrengo irakurketa egin du Norma Vázquez, Sortzen aholkularitzako zuzendariak: “Instituzioek esaten dutenean pornoaren esku dagoela sexu-heziketa, zer esan nahi dute, haien hezkidetza programek porrot egin dutela?”. Antzeko kritika egin du Fresnedok: "Kanpaina baliogarria izango litzateke, plan estrategiko batekin batera aurkeztu izango balute, baina ez dago mamirik, ezta baliabiderik jartzeko asmorik ere. Zer egin du Emakundek hezkuntza lege berrian sexu-heziketa txertatzeko?”.
Florencia Arriola, Lore sexologiako sustatzailea: “Gaur egungo erronka da haur eta gazteek porno sexista eta bortitzera duten sarbidea, eta horrek eman diezaiekeen informazio nahasgarria. Baina irtenbidea ez da pornoa jomugan jartzea"
Aitzole Araneta sexologo eta berdintasun teknikariaren esanetan, “instituzioek gustuko dute halako mezu hutsalak botatzea, baina oso gutxi sakontzen dute sexu-heziketaren ulermenean”. Hala, hiru sexologoek salatu dute haien lanbidearekiko aitortza eta errespetu falta: “Sexu-heziketak tresnak eman behar ditu giza sexu-egitatearen adierazpenen konplexutasuna ulertzeko, baita sexu-identitatea eta pertsonen arteko topaketa lantzeko ere. Biologia irakasteko, zientzietan trebakuntza beharrezkoa da; berdin-berdin gurean”, adierazi du Mártinezek. “Suteak amatatzeko deitzen didate zentroetatik, egoera kezkagarri bat eman denean, lau orduko saioa emateko. Horrela ez dago lan egiterik”, gaineratu du Arriolak.
Silvia Allende Mamá folla fanzinearen egilea da. Guraso eta follologo honek (hala aurkeztu da erreportaje honetarako) funtsezkoa deritzo ikasleei sexu-askapen eta aniztasun balioak zeharka eta sakon lantzeari, orain arteko pilulatxoetara mugatu ordez: “Noizko ikasgai bat, formakuntza duten pertsonek gidatua? Noizko espazio seguruak solas egiteko norberaren gorputzari buruz, duintasunari buruz, edota harremanetan eta plazerean egon behar duen parekidetasunari buruz?”.
Puritanismoa eta kinkifobia
Hurrengo datuan oinarritzen da Emakunderen kanpaina: eszena pornografikoen %88,2k emakumeen aurkako indarkeria fisikoa edo hitzezkoa du. “Ezin dugu onartu emakumeenganako indarkeria, umiliazioa, eta dominazioa zer edo zer naturala bihurtzea. Ezin dugu onartu sexua indarkeriarekin nahastea”, defendatu du Miren Elgarresta erakunde horren zuzendariak prentsaurrekoan.
Mamá folla fanzinearen egileak zalantzan jarri du halako datu baten atzeko metodologia zein asmo ideologikoa: “Zer irizpide erabili dute ebazteko zein eszena diren bortitzak eta zeintzuk ez? Eta nork egin du ikerketa, Nafarroako Unibertsitateak?”. Bada, Emakunderen prentsa sailetik erantzun digute Balearretako psikologia ikasle baten Gradu Amaierako Lanetik atera dutela, eta hor topatu dugu Amerikako Estatu Batuetako 2010eko ikerketa batetik hartua dela datua.
Norma Vázquez: "Emakumeok ezin gara berotu sexu gogorra ikusten edo praktikatzen? Onespena eta ahalduntzea defendatu behar ditugu, bai, baina desira normatibizatzea puritanismo hutsa da”.
Edonola ere, feminista akademiko abolizionistetan oinarritzen da Emakunderen diskurtsoa. Esaterako, Monica Alariok Política sexual de la pornografía. Sexo, desigualdad y violencia saiakeran defendatzen du pornografiak “sexu-indarkeriaren etengabeko apologia” egiten duen heinean, desagerrarazi behar dela berdintasunerantz aurrera egiteko. Horren frogatzat hartzen du arrakasta berezia dutela emakumeen ezetza errespetatzen ez duten eszenek.
Andrea Dworking feminista erradikal abolizionista da korronte horretan aitzindaria. “Pornography: men possesing women 1981eko saiakeran defendatu zuen pornografia dela plangintzarako tresna, eta sexu-erasoa horren emaitza”, azaldu du Mártinezek. Beste muturrean, Paulita Pappel porno etiko ekoizlearen Pornopositive saiakera gomendatu digu sexologoak. Exberliner hedabideko elkarrizketa batetik hartu dugu Pappelen hurrengo aipua: “Emakume askok bortxaketa fantasiak dituzte. Noski, horrek ez du esan nahi benetan bortxatuak izan nahi dutenik. Ez dut uste pornoak hori sustatzen duenik errealitatean. Aldiz, sexu-fantasiak tabu bihurtzeak bai daramala komunikazio eta informazio gabezietara, frustrazioetara, eta kasurik okerrenean, benetako biolentziara”.
Ikasketa Feministen Masterra egin ondoren, prostituzioari buruzko amaiera lana egin zuen Arriolak, Putas, feministas y mis contradicciones liburura moldatu duena. “Feminismo instituzional abolizionistak badu araztasun morala aldarrikatzeko joera. Ez ditu erotikaren dimentsio jakin batzuk ulertzen; ez du onartzen emakumeon promiskuitatea edo desioa zikintzat jotzen diren praktikak. Sexuan gustuko izan dezaket umiliatua izatea. Ez da sexu feminista existitzen, sexu-harreman pozgarriak baizik”.
Ildo beretik erantzun dio Norma Vázquezek indarkeriaren erotizazioaren aurkako diskurtsoari: “Nork erabakitzen du zer den egoki eta zer ez ohean? Laztanek eta erromantizismoak egon behar dute bai ala bai? Emakumeok ezin gara berotu sexu gogorra ikusten edo praktikatzen? Onespena eta ahalduntzea defendatu behar ditugu, bai, baina desira normatibizatzea puritanismo hutsa da”. Hala, indarkeria matxistan aditua den aldetik, atzerapausoa iruditzen zaio Emakundek zabaldutako mezua: “Urteak daramatzagu indarkeria faktore anitzeko arazo gisa aztertzen. Ez da egia mutilek pornoa ikusiko dutela eta erasotzaile izaten ikasiko dutela, ezta neskek pornoa ikusteagatik indarkeria normalizatuko dutela. Ez da horren sinplea. Erasotzaileek bortxatzen dute hori egiteko boterea eta inpunitatea sentitzen dutelako, besteak beste, ebazpen judizial askoren erruz”.
Aitzole Araneta: “Helduok ez dugu pontifikatu behar. Entzun ditzagun haur eta nerabeak: ez dira tuntunak eta ez daude horren galduak. Onar dezagun haien sexualitatea; helduona bezain koitozentrista eta orgasmo-zentrista ez dena”.
Aranetak gaineratu du pornoaren industria oso kritikagarria den arren, komeni dela horretan ematen diren haustura interesgarriak baloratzea: “Adibidez, orain dela gutxi arte pentsaezina zen porno heteroan gizonaren ipurtzuloarekin lotutako praktikak agertzea”.
Porno belaunaldia-n erdeinu handiz hitz egiten dute nerabe zein helduek orgiei buruz edota zigor-jolasei buruz, indarkeria matxistarekin nahastuta. Gutxiengo erotikoetan espezializatua dago Martínez, eta kinkifobia-ren aurka mintzo da bere sare sozialetan: “Praktika eta desira jakin batzuk higuingarritzat hartzen dira, ulertu ordez simulazioak eta jolasak direla”, azaldu du.
Gainera, nabarmendu du abolizionistek irudi partziala ematen dutela, pornoan agertzen diren dominazio-sumisio jolasetan maiz gizonak agertzen direlako emakumeek dominatuta, edota porno LGTBI+ean ere ematen direlako praktika sadomasokistak. Bere ustez, kinkifobiak bat egiten du misoginia eta homofobiarekin: “Alde batetik, pentsatzen dute emakumeen sexualitateak fina eta samurra izan behar duela. Bestetik, ez diete arretarik ematen gay eta lesbianen sexualitateari, akaso haien ‘perbertsioak’ asumitzen dituztelako, subjektu desbideratutzat dituztelako”.
Hiruki Larroxako tailerren ardatz bat da sexualitate eredu hegemonikoa aztertzea eta horrek ezartzen duen marko diziplinatzailea kritikatzea. Hala azaldu du Fresnedok: “Heteropatriarkatuak sustatzen duen eredu erotikoa koitozentrikoa da, baina batez ere moralista eta arautzailea. Bazterretan kokatzen diren praktika, gorputzak eta subjektuak ilun edo arriskutsu gisa aurkezten dira”. Adierazi du nerabeek maiz galdetzen dietela kink praktikengatik, baina kutsu negatibo batekin: “Harritzen nau askok ‘parafilia’ terminoa erabiltzen dutela. Erantzuten diegu praktika erotikoen balorazio sistema etengabe aldatzen dela, kultura eta gizarteen unean uneko paradigmen arabera, adibidez, orain dela gutxira arte parafiliatzat hartzen zela sexu orala. Flipatu egiten dute!”.
Hurrengoa ondorioztatu du Mamá folla fanzinearen egileak: “Puritanismoak ez gaitu indarkeriaren aurrean babesten, puritanismoa bera baita indarkeria: bekatua eta kulpa betikotzen ditu”. Hala, kontra-kanpaina abiatu du bere inguruko haur eta gazteen artean: “Argi utzi nahi diet kuriositatea ez dela txarra”.
Silvia Allende: “Oso ondo datorkigu apaltasun pixka bat: onartzea ez dugula ideia handirik eta tabu mordoa daukagula barneratuta. Plazer bat da gure seme-alaben eskutik haztea!”.
Heldukeria
Emakunderen kanpainak nerabeei buruzko irudi estereotipatu eta paternalista ematen duela adierazi dute gure sei elkarrizketatuek, eta nabarmendu dute gazteek aurreko belaunaldiek baino landuagoak dituztela sexu askatasun eta tratu-on balioak. Aranetaren esanetan, “Azaroaren 25ean kokatzeak transmititzen du neska guztiak biktima potentzialak direla, eta mutil guztiak erasotzaile potentzialak”. “Ikuspegi izugarri bidegabea da gazteekiko, agentzia ukatzen dielako”, berretsi du Vázquezek. Fresnedok adierazi du eskoletan gazteak ere kexu direla helduek duten irudi horretaz: “Esaten dute: ‘denok ez gara heteroak’, edo ‘denok ez dugu pornoa modu berdinean kontsumitzen’”.
Arriolak ere nabarmendu du gaur egungo neska gazteak ahaldunduagoak daudela, mugimendu feministak egindako lanari esker. Mutilei dagokionez, 16 urteko batek esan ziona du gogoan: “Irakasten diguten bakarra da ezetza ezetz dela”. Ezagutza handiagoak dituzte denek, esaterako, identitate ez binarioez edo asexualitateaz mintzo dira. “Erantzunen bila daude, haien desira eta sentipenak ulertzeko. Onartu dezagun pornoarekin kontaktuan daudela, eta alternatibei buruz hitz egin dezagun, modu positiboan, aniztasuna ardatz”, defendatu du.
Hala, Hiruki Larroxako hezitzaileek porno feminista, etikoa edota indie-a existitzen direla nabarmentzen dute haien tailerretan, baita autoekoizpenaren aukera ere: “Esaten diegu posible dela norberak bere pornoa sortzea, bere kontsumorako edo lagunekin konpartitzeko. Baina azpimarra jartzen dugu pribatutasun sexualerako eskubidean: ez bakarrik sexting-ari lotuta, baizik eta gurasoek ezartzen dituzten kontrol-mekanismoen aurrean ere bai”. Arazoa da porno alternatiboa ordaindu behar dela eta, aldiz, doako edukiak eskaintzen dituzten plataforma ez-etikoetara jotzen dutela gazteek (eta heldu gehienek).
Edonola ere, Aranetak gaineratu du mainstream horretan ere gero eta presenteago dagoela gorputz-aniztasuna, eta hori inportantea dela LGTBI+ pertsonentzat: “Porno transa garrantzitsua izan daiteke nerabeak kokatuak sentitzeko unibertso erotikoan eta, oro har, iruditeria sozialean”. Horrez gain, “tutelaje helduzentrista” alboratzearen premia aldarrikatu du: “Helduok ez dugu pontifikatu behar. Entzun ditzagun haur eta nerabeak: ez dira tuntunak eta ez daude horren galduak. Onar dezagun haien sexualitatea; helduona bezain koitozentrista eta orgasmo-zentrista ez dena”.
Hiruki Larroxako hezitzaileek porno feminista, etikoa edota indie-a existitzen direla nabarmentzen dute haien tailerretan, baita autoekoizpenaren aukera ere.
Fresnedoren ustez, “hipokrita” da pornoari buruzko eztabaida soziala gazteengan zentratzea: “Tailerretan nire burua aurkezten dut porno-kontsumitzaile gisa. Helduok autokritika egin behar dugu sexualitatea ulertzeko eta bizitzeko dugun moduari buruz. Sekulako presioa jartzen dugu gazteengan: esaten dugu etorkizuna dagoela haien esku, baina oraina helduon esku dago, eta gu gara haien eredua”. Porno belaunaldia dokumentaletik gustatu zaio gurasoek seme-alabekin duten komunikazioa: “Konfiantza eta ulermena haurtzarotik lantzen badute, ez dira arnasestuka helduko nerabezarora”.
Baina prest al daude guraso guztiak seme-alabak sexualitatean modu positiboan hezteko? Arriolak ez du uste: “Asmo ona badute ere, askok kezkarekin eta beldurrarekin konektatzen dute; horregatik lagungarria izango litzateke haiek ere profesionalen aholkularitza izatea”. Edonola ere, belaunaldien arteko bi norabideko komunikazioa gomendatu du, zintzotasunean eta jakin-minean oinarritua. Hala bizi du Silvia Allendek bere amatasunean: “Oso ondo datorkigu apaltasun pixka bat: onartzea ez dugula ideia handirik eta tabu mordoa daukagula barneratuta. Plazer bat da gure seme-alaben eskutik haztea!”.
“Bi neraberen ama naiz, eta etxean txikitatik landu dugu sexu-heziketa, ahal izan dugun moduan. Telefono mugikorrak utzi dizkiegu sentitu dugunean prest daudela modu askean erabiltzeko, ez garelako kontrolatzearen aldekoak: haien intimitatea behar dute, esperimentatzeko askatasuna eta irizpidea garatzekoa. Haien garuna ez da helduen modukoa, emozio fuerteak behar dituzte; horregatik jotzen dute sentsazio berri bila pornora edota drogatara. Arazoa da fikzio moduan kontsumitu ordez, heziketa moduan hartzen dutenean. Instituzioek egin behar dute bere lana nerabeak noraezean ez uzteko.
Nagusiak, 14 urteko semeak, esan digu gustuko duela pornoa ikustea noizbehinka, eta gu hor gaude, hitz egiteko prest. Niretzat txarragoak dira beste gauza batzuk, adibidez txikitatik bideojoko sexistetan jolastea; hori ez dute instituzioek hainbeste lantzen. Betidanik kontsumitu da pornoa, nik ere kontsumitu dut eta horrek ez nau egin indarkeriaren aldekoa.
Emakunderen kanpaina atera da Porno belaunaldia dokumentalaren eskutik. Egia da porno misoginoa eta bortitza dagoela, baina badago halaber porno etiko eta feminista. Zer egiten dute instituzioek pornoa deabrutzeaz gain? Zer alternatiba planteatzen dute? Norengan jartzen dute ardura? Gurasoongan? Gizarte ereduarengan? Zinikoak gara, gero! Pornoaren aurka modu sutsuan egiten duten askok kontsumitzen dute etxean. Hausnarketak askoz sakonagoa eta zabalagoa izan beharko luke. Film erromantikoetan ere badago indarkeria”.
“Haurrek txikitatik pornoa ikusten badute, izango da eskoletan eta familietan asebetetzen ez dugun behar bat dutelako. Ohartu nintzen nire alabak premia zuela irudikatzeko nolakoa den sexu-harreman bat, ez bainintzen gai hitzekin azaltzeko. Orduan, eszena erotikoak agertzen ziren artelanak erakusten nizkion. Sex education saila ere ikusi dugu elkarrekin, eta adierazi diot zer jorratzen duten ondo eta zerekin ez natorren bat. Litekeena da aurrerago pornotik hartutako eszenak ere baliatzea berarekin hitz egiteko. Badakit tabu bat urratzea dela, baina iruditzen zait indarkeria prebenitzeko modua izan daitekeela; noizbait deseroso sentitzen denean, hori izendatzeko gai izan dadin.
Bestetik, nik ez diot sexualitateari buruz hitz egiten izate abstraktu bat izango balitz bezala, baizik eta lehenengo pertsonan: nire sexualitateari buruz hitz egiten diot. Esaterako, ez da berdina azaltzea emakumeek haien artean sexua izan dezaketela, ala kontatzea nik emakumezko bikote bat dudala. Orduan, errazago galdetuko dit: ‘Eta zer moduz? Nola funtzionatzen du horrek?’”.
“Nire seme txikiak 14 urte ditu, elkarrizketa bakar bat izan dugu pornoari buruz, baina 21 urteko nire beste semearekin izan ditudan solasaldiak ere entzun ditu. Nik betidanik atera dizkiot sexualitateari buruzko gaiak, telebista ikusten dugunean, esaterako. Asko hitz egin dugu koitoaren hierarkizazioaz. Nagusiak porno mainstrem-a ikusten du eta ez nau batere kezkatzen, ikuspegi kritikoa duelako; Mundu Gerrei buruzko filmak maite ditu, eta ez naiz ari pentsatzen armak erabiltzen has daitekela. Are gehiago, berak badauka etengabeko kezka: baboso bat ez izatekoa.
Txikia mutil transa den aldetik, badaki porno mainstream-a ez dela bere eredua; oso kontzientea da, pornoa bezala, gizartea ere ez dela bere eredura egokitzen. Adibidez, mutil-talde batean hasi direnean hitz egiten masturbatzeari eta eiakulatzeari buruz, konturatu da gizartean ez dela aintzat hartzen mutil aluduna izatearen aukera. Sarketa-eszenak ikusten ditu etengabe pantailetan, ez soilik pornoan. Alde horretatik, sexu-aniztasuna islatzen duen pornoa erabilgarria izan daiteke askotariko gorputz, praktika eta erotikak ikusteko. Naizen elkarteko topaketetan, Aitzole Aranetak erotikari buruzko tailerra gidatu zuen, eta nire semeak esan zidan parte hartuko zuela, nagusiago denerako tipak izateko!”.
“11 urteko semea daukat. Klasean bera da telefono mugikorra ez duen ia bakarra, eta esan didate 12 urterekin amore eman beharko dudala, Whatsapp taldeak erabiltzen dituztelako lanak egiteko. Nire ustez, pornoa ez da berez arazoa, baizik eta haurren sentiberatasuna babestu behar dugula. Azaldu diot internet helduentzat dela eta haurrek gurasoekin batera erabili behar dutela. Gogoratu diot behin biolentzia handiko bideo bat agertu zitzaiola ezustekoan, eta mindu zela. Ez nau kezkatzen umeak pornoa ikustea noizbehinka lagunekin; esperientzia dibertigarri eta kitzikatzailea iruditzen zait. Ez dudana nahi da sarbide mugagabea izatea internetek erakutsi nahi dion porno guztira.
Oraindik ez dugu gai horri buruz hitz egin, ez da atera, baina azaldu nahi diot filmak direla, profesionalek egiten dituztela, ez duela espero behar errealitatea halakoa izatea, baizik eta bere gorputza eta bikotekidearena entzun behar dituela. Azalduko nioke, halaber, pornoaren munduan kontrol gutxi eta gehiegikeria asko dagoela. Hitz egin dugu interneten ezezagunekin txateatzeari buruz: nire esperientzia onak eta txarrak azaldu dizkiot, eta segurtasunez txateatzeko gakoak eman dizkiot. Argazki eta bideo sexualak bidaltzeari buruz ere hitz egin nahi diot laster: mutila denez, esan nahi diot ez bidaltzeko eskatu ez dioten ezer (fotopolla delakoak), eta norbaitek bere intimitatea eta konfiantza urratzen badu, argi izan dezala ez dela bere errua izan; eduki hori baimenik gabe partekatu dutenek sentitu behar dutela lotsa”.