argia.eus
INPRIMATU
Nerabe direnetik helduaroraino osasun mental eta fisikoaren jarraipena egingo die programa aitzindari batek
  • 14 urte dituztenetik 25 betetzen dituzten arte, 4.000 bat gazteren bizi-ohiturak, estres egoerak eta euren buruarekiko duten irudia aztertuko ditu programa batek lehen aldiz. Arabak eta Nafarroak hartuko dute parte, hobeto ulertzeko antsietatean, depresioan edota elikadura nahasmenduetan zein faktorek eta nola eragiten duten.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko urriaren 05

Gazteen elikadura, ariketa fisikoa, alkohol eta droga kontsumoa, bideo-joko eta interneten erabilera, bizi dituzten estres egoerak, norbere buruarekiko irudia… aztertuko ditu proiektuak. Ikastetxeetan bertan erantzungo dituzte galdetegiak DBHko ikasle boluntarioek eta profesional ugarik hartuko du parte informazioa ebaluatzen: pediatrak, lehen arretako medikuak, psikiatrak, psikologoak, espezialistak…

Helburua da lortutako informazio eta ondorioekin ohitura ez osasuntsuetan eragiteko eta osasun fisiko eta mentala hobetzeko prebentzio ekintzak diseinatu eta martxan jartzea.

"Inork ez nau ulertzen"

Programako kideek azpimarratu dutenez, garapen fisiko eta mental betean aurkitzen dira nerabeak eta arrisku handiagoa dute buruko edo pertsonalitate nahasmenduak jasateko, baita beren buruaz beste egiten saiatzeko ere. Azken finean, “nerabezaroa etapa oso delikatua eta gogorra da, erreferentetzat genituen gurasoekiko harremana aldatzen da, lagunekikoak, emozioak kontrolez kanpo ditugu... eta helduontzat arazoak beste batzuk dira, lanari lotuta eta abar, baina ulertu behar dugu gazteak sentitu daitezkeela baztertuta, sentitu dezaketela inork ez dituela ulertzen ez kontuan hartzen, eta gainera norberarentzat norberaren arazoa inportantea dela beti”, azpimarratu zigun Leire Pinedo psikologoak. “Badago halako aurreiritzi bat, haurtzaroa eta gaztaroa gatazkarik gabeko garai zoriontsuak bailiran, eta uste dut helduok egiten dugun tranpa dela, helduok bakarrik sufrituko bagenu bezala”, gehitu zuen Idoia Agirre psikiatrak, solasaldi berean.

"Helduentzat gara kristalezko eta ahul, belaunaldi gisa onartzeagatik ez gaudela ondo, salatzeagatik nola sentitzen garen"

Sare sozialetan ez da tristezia existitzen?

Bai elikaduran, bai ariketa fisikoan, ohitura osasuntsuak galtzen ari direla antzemana du programak. Eta sare sozialen gehiegizko erabilera orokortzen ari dela ere ohartarazi dute proiektuko profesionalek. Hain justu, sare sozialen erabilera desegokiak osasun mental eta fisikoan duten eraginaz behin baino gehiagotan hitz egin da. Hala zioten aipatu solasaldian: “Dena perfektua dela irudikatu ohi dugu sare sozialetan, tristezia existituko ez balitz bezala, eta emozio negatiboak ikusezin bihurtzea arazo handia da. Egunerokoa ez delako izaten muturrekoa: ez oso triste egotea, ez sare sozialetako poztasun eta perfekzio hori. Egunerokoa da gosaltzea, lanera joatea, autobusa hartzea, aspertzea... eta sare sozialetako irudiekin konparatuta sentitu dezaket nire bizitza ez dela hain ona”.

Errealitatea da buruko osasunak plaza publikoa hartu duela eta gero eta askatasun handiagoz hitz egiten dela gaiaz –tabu izateari utzi ez dion arren– eta lorpen hori gazteena eurena da hein handi batean. Honela kontatu zigun depresioa jasan zuen Elena gazteak: “Kristalezko belaunaldia deitzen digute, helduek begiratzen gaituztelako gazte zirenean eurek zituzten beharrekin, eta egoera ez da berdina. Haientzat gara kristalezko eta ahul, belaunaldi gisa onartzeagatik ez gaudela ondo, salatzeagatik nola sentitzen garen. Niri iruditzen zait oso lan ona egiten ari garela, hori guztia salatzen, gure gurasoen belaunaldiak salatu ez izanak ez duelako esan nahi existitzen ez zenik. Gu kapazak gara esateko ‘begira, hau gertatzen zait, hau errealitate bat da eta arazo bat da, sistema ez dago prest honi aurre egiteko’”.

Buruko osasuna izango da osasun publikoko arazo nagusia munduan 2030. urterako, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. Mila milioi lagunek buruko nahasmenduren bat dute munduan. Bost haur eta nerabetik batek buruko nahasmendua du diagnostikatua.