argia.eus
INPRIMATU
Nepalen lehenbizikoz presidentea emakumea eta komunista
  • Bidhya Devi Bhandari Nepalgo lehen emakumezko presidente izendatu dute. Alderdi komunistako kidea, emakumeen eskubideen eta demokraziaren aldeko borrokagatik da ezaguna.

EƱaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2015eko urriaren 30
Bidhya Bhandari presidente berria garaipena ospatzen Kathmandun. (Arg: Getty)

Independent kazetak jaso duenez, Bhandarik hainbatetan eskatu du emakumeek gobernuko goi karguetan aritzeko aukera edukitzea. Kargua hartu berritan azpimarratu du bere lehentasunetako bat emakumeen eskubideak bermatzea izango dela.

Halaber, Bhandariren aburuz berak presidentetza lortu izana urrats izugarria da Konstituzioak berdintasuna bermatzeko bidean. Aldaketa jada hasia da irudikatzen, Parlamentuak lehen aldiz emakume bat izendatu baitu bozeramaile.

Bhandari nerabea zela sartu zen politikan, eta 1993tik aitzina erreferentziazko politikaria izan da Nepalen. Askoren arabera, herrialdeko demokraziaren berrezarpenean funtsezko papera jokatu zuen, 240 urte indarrean zeramatzan monarkiaren amaieraren erantzuleetako bat izan zelakoan. 2009 eta 2011 artean Defentsako ministro lanetan aritu zen, eta orain beste urrats bat eman du, presidentetzara iritsita.