Botoen gehiengoa kontatuta, Italiako Anaien alderdi neofaxistaren garaipenak Giorgia Meloni bilaka dezake datozen asteetan Italiako lehen ministro. Eskuinekoa blokea gailendu da herrialdeko leku gehienetan.
Inkestek ziotena bete da eta Giorgia Meloni da Italiako hauteskunde presidentzialetan garaile. Botoen %26,5 eskuratu du lider ultraeskuindarrak, atzetik zentro ezkerreko hautagaia (PD) Enrico Letta bozken %19,4 eskuratuta eta hirugarren postuan 5 Izar Mugimenduko Giuseppe Conte Lehen ministro ohia bozken %14,8 arekin.
Eskuineko blokearen baitako Salviniren Lega alderdi ultraeskuindarra eta Berlusconiren Forza Italia bozken %10aren azpitik geratu badira ere eskuineko blokeak nahikoa diputatu eskuratu du Parlamentuan zen Sentatuan Melonik zuzenduko lukeen balizko gobernua babesteko. Meloniren hurrengo lana Italiako Presidente Giuseppe Matarellarekin gobernua osatzeko baldintzak adostea izango da.
Eskuinak koalizioak egin eta bozka andana batu du; ezkerrak, ordea, batasuneko hautagaiak aurkezteko ezina lehen momentutik izan du
Koalizioak hobesten dituen sistema elektorala da Italiakoa. Eskuinak hasieratik adostu zuen posible zuen esparru elektoral guztietan koalizioan aurkezteko asmoa. Aulkien %37an edo, hobeki esanda, herrialdeko 147 sekziotan hautagai bakarra aukeratzen den esparruetan ezinbesteko bihurtzen da koalizioan aurkeztea, bozkak hautagai baten inguruan biltzeko. Hala egin du eskuinak bozka andana batuz; ezkerrak, ordea, batasuneko hautagaiak aurkezteko ezina lehen momentutik izan du. Faktore hau ezinbestekoa da Meloniren, eta orokorrean eskuineko blokearen, garaipena ulertzeko. Ezkerrari zer pentsatu eman beharko lioke, desadostasun hauek baitira Meloniri Chigiko jauregira iristeko bidea erraztu dutenak.
Herrialde gehienetan gertatu ohi den gisan abstentzioak lagundu egin dio eskuin muturrari. Demokrazia ezarri zenetik Italian ez zen igandekoa bezalako abstentziorik sekula izan. %63,91ko parte hartzea izan da, hamar puntu gutxiago 2018ko azken hauteskunde orokorretan baino. Ultraeskuina zetorrela zioen mamuak ere ez du aktibatu geroz eta gehiago etxean geratzera ohitzen ari den hauteslegoa.
Gaueko galtzaile nagusia Enrico Letta (PD) zentro ezkerreko hautagaia izan da. Inkestetan Meloniren alternatiba gisa bigarren agertzen zenak ez du eskuin muturraren eta Meloniren erauntsia gelditzea lortu. Honek kolokan jar lezake Letta eta alderdiaren birmoldaketa eskatzen dutenak indartzen ditu enegarren aldiz. Emaitza nagusiak publiko egin direnetik ordu dezente igarota ere, artikulu hau idazteko unean, Lettak oraindik ez du emaitzen balorazio publikorik egin. Bere ezkerrean eta Napoliko alkate ohi Luigi de Magistrisek zuzentzen zuen Herri Batasuna zerrendak azken asteetako Melenchon eta Pablo Iglesiasen babes publiko eta mediatikoarekin ere ez du espero zuen emaitzarik lortu. Urteak krisian murgilduta daraman Italiako ezkerrarentzat beste hauteskunde egun gogorra izan da.
Eskuinean galtzaile argia Matteo Salvini izan da,bozken %10aren azpitik geratuta. Are gehiago, bere iparraldeko feudo historiakoak diren Lombardia eta Veneton ere Meloni gailendu zaio. Hau horrela izanik ere Milanen jaiotako lider ultrak behin da berriz adierazi du Melonirekin gobernatzeko asmoa. Ikusi egin behar emaitza hauen ostean zein izango den Salvini eta Legaren papera gobernu posible horretan.
Il manifesto ezkerreko agerkariak argi dio hauteskunde hautetatik indartuta ateratzen den beste hautagaia Lehen Ministro ohi Giuseppe Conte dela. Kanpaina oso dinamikoaren bidez, ahul zen 5 Izar mugimenduak eutsi egin dio eta hegoaldeko bere feudo historikoetan irabaztea lortu du. Letta kolokan jarri badute bozek Conte indartu egin dutela dirudi. Ikusteke dago 5 izar bezalako mugimendu populista batek zein posizio hartzen duen eskuin muturreko gobernu posible baten politiken aurrean, ez dugu ahaztu behar 2018an gobernu ituna sinatzera heldu zela mugimendua Salviniren Legarekin.
Le Penek Frantzian lortu ez duena lortu du Melonik Italian. Musolinik Erromara egin zueneko martxa faxistak mendeurrena beteko duen urte berean neofaxista italiarrak herrialdearen agintera itzuliko dira. Duela 100 urte liberal eta monarkikoen laguntza behar izan zuen faxismoak boterea eskuratzeko. Oraingoan Silvio Berlusconiren babesa izango duela dirudi. Ikusteke dago oraindik zein nolako pisua izango duten Berlusconi edo Salviniren Legak gobernu posible horretan. Italiako politikan aditua den La Vanguardiako Enric Julianak Espainiar Estatuko telebista publikoan zioen guda kulturala emango duen gabinetea izango dela seguruenik. Baina arlo ekonomiko zein geopolitikoan Melonik ez duela Italiaren posizio atlantista ukituko.
Garai txarrak datoz herrialdeko gutxiengoentzat. Jakin badakigulako herrialdearen arazo estrukturalen aurrean erantzuleak non bilatuko dituen etorkizuneko gobernu horrek. Parlamentuan ez bada bertatik kanpo antolatu beharko du Italiako gizarteak erauntsi erreakzionarioari aurre egiteko.