argia.eus
INPRIMATU
Nekazaritza sindikalismoaren historiaren liburua aurkeztu du Jose Anjel Aldaik
  • Ekainaren 30ean Gasteizen, hainbat sindikalista garrantzitsuren babesean, aurkeztu da Jose Anjel Aldaik idatzitako lan hau. Azken mende erdian baserri-bizitzak alimaleko eraldaketa jasan du eta liburu honek baserritarrak zetozen aldaketa erraldoiei aurre egiteko beren burua sindikatuetan antolatzeko prozesua azaldu nahi du.

Etxalde 2017ko uztailaren 03a
Jose Anjel Aldairen "Baserri biziari eusteko lanak, nekazaritza sindikalismoaren historia bat" Txalapartak argitaratu du.

Herriko baserrietatik baserritarren sindikatuetara egindako jauzia argitu nahi du lanak eta, zentzu horretan, Euskal Herriko nekazaritza sindikatu nagusien historia txiki bat da. Laborantza munduan egon diren aldakuntzak eta bilakaerak hobeto ulertzeko tresna ere bada: esne grebak, traktoradak,

kuotak, administrazioarekiko harremanak, transgenikoak, jatorrizko izendapenak, elikadura krisiak… Liburuak hauek guztiak jorratzen ditu, baina haratago ere badoa, lan honen asmoa ez zelako soilik azken hamarkadetan baserriari gertatutakoa azaltzea, baizik eta testuinguru horretan baserritarrak sindikatuetan nola antolatzen hasi ziren kontatzea, zerk eragin zituen mugimendu haiek, nortzuek eta nola gorpuztu zituzten, eta nola erantzun dioten nekazaritza hainbeste baldintzatu duen testuinguru politiko eta sozioekonomiko berriari.

Eraldaketa prozesu horretan Euskal Herriko laborariek munduan nagusitzen den eredu produktibistari aurre egiteko proposatzen duten nekazaritza

eredu berrian eta elikadura burujabetzaren kontzeptuan ere sakondu nahi du lan honek, biak ala biak gure herria eta mundua bera eraldatzeko ezinbesteko tresna direlakoan.

Jose Anjel Aldai 'Aldo'k aurkeztu du liburua Gasteizko Goiuri jauregian. (Argazkia: Etxalde)