argia.eus
INPRIMATU
Nekazaritza saileko teknikari maiteari...
  • Lehen sektorean arazoak gorantz doazela nabari da: klima krisia, kutsadura, lehengaien prezio altuak edo lursailak eskuratzeko zailtasunak…

    Bertatik bizi nahi dugunok badakigu zer dagoen, badakigu zailtzen doala sektorea, baina jarraitu edo hasi nahi duen jendea ere bada eta horiei zer esan? Ez hasteko? Edo ez jarraitzeko? Noski ezetz.

Mattin Jauregi Inaxio Arin Balerdipeko erleak @balerdipeko 2023ko urriaren 02a

Lehen sektoreko langileok ez dugu sektorea diruz aberasteagatik aukeratzen, gure ideia eta lanari zentzua emateagatik baizik. Artzain bati entzuna diot ez dela ardietatik bizi, ardiekin bizi dela baizik. Jakin zenbat oztopo dituen sektoreak eta hala ere dudarik gabe bertatik bizitzeko apustua egiten gabiltza.

Nekazaritza bulegora sartu, azaldu genuen gure egoera eta teknikariaren erantzuna: “Buuu lehen sektoretik bizitzea zail dago, horretarako UTA batera iritsi behar duzue (urteko lan unitatea), ganadu asko jarri beharra dago!”.

Zail dagoela badakigu, hori zuk esaterako.

Ganadu asko jarri behar dela? Horretara bideratu nahi dute lehen sektorea eta "bestela akabo, ez zara sektoretik biziko" esaten dizute. Gure ideia eta proiektua azaltzerako ezkor eta mugatuta zegoen teknikaria…

Zure lana ez al da sektorean sartu nahi dutenei aholkularitza eskaintzea eta ahalik eta errazen jartzea?

Esan dizugu badugula sektorearen berri, badakigula zertara bideratuta dauden laguntzak eta guk ez dugula bide hori nahi…

Zuek esandako baldintzetara mugatu behar dugu lehen sektorea bertatik bizi ahal izateko?

Ala poraiiii!

Gustuko ez baduzu ere, zure lana denez, sektoreko teknikari bezala lagundu beharko diguzu!