argia.eus
INPRIMATU
“Nekazaritza lurren 21.000 hektarea galdu dira azken 20 urteotan Nafarroan”
  • Urteak dira Nafarroako Mugarik Gabe, Mundubat, Arrea agroekologia elkartea eta beste zenbait talde elikadura burujabetzaren bueltan elkarlanean ari direla. Lanketa bateratu horretatik atera zen Nafarroan elikadura burujabetzaren egoera aztertzeko ideia, eta otsailaren amaieran aurkeztu dute azterketa horren emaitza den Elikadura burujabetzaren erradiografia Nafarroan txostena. Astero saiatzen gara atal honetara argi izpi diren proiektuak ekartzen eta ikuspuntu positibo batetik lantzen, baina ez gaitezen engaina… errealitatea ez da guztiz itxaropentsua. Horixe da erradiografiak azaleratu duena, beste behin. Manifestuarekiko atxikimenduak biltzen ari dira.

Garazi Zabaleta 2022ko martxoaren 11

Elikadura burujabetzara bidean nahitaezkoak diren baliabideak –lurra, ura eta bestelako baliabide naturalak– galtzen eta hondatzen ari direla da ikerketaren ondorio nagusietako bat. “Nekazaritzako lurra asko ari da gutxitzen, are gehiago lurzoru emankorra. Egun, %75 inguru zereal eta bazkek hartzen dute, erabateko monolaborantzaz hitz egin dezakegu Nafarroan”, dio Arrea elkarteko Ester Monterok, ikerketaren egileetako batek. Labore horiek abeltzaintza eredu intentsibora daude bideratuta, eta beraz, laborantza lurren %25 soilik bideratzen da pertsonen elikadurarako. Zabalduen dauden labore horietan, gainera, ureztatze sistemak eta ongarri kimikoak dira nagusi. “Pentsa, Nafarroako ubideko uraren %53 abeltzaintza industrialerako artoan erabiltzen da”, gehitu du Monterok.

Abeltzaintzaren datuak ere kezkagarriak dira, eredu intentsiboa ikaragarri hazi dela erakutsi baitute. Ukuiluratutako oilaskoen eta txerrien kopurua, esaterako, bikoiztu egin da ia. “Azken hogei urteotan eredu estentsiboan hazten ziren txerri guztiak desagertu egin dira, egun %1era ere ez dira iristen”. Paradoxikoa da, azienda kopuruak  nabarmen gora eginda ere, lehen sektorean gero eta jende gutxiagok diharduela, eta autonomoak ia desagertu egin direla. “Soldatapeko langileak dira nagusi eta autoenplegua desagertzen ari da. 15 urtetan nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiapenak ia erdira jaitsi dira, eta gutxi batzuen eskuetan kontzentratuz doaz”.

Manifestura atxikitzeko deia

Erradiografiarekin batera, honezkero 50 bat eragilek bat egin duten manifestua aurkeztu dute otsailaren bukaeran. “Hainbat esparrutan neurri zehatzak proposatu ditugu manifestuan: lurrari, urari, nekazaritza eta abeltzaintzari, produkzio eta eraldatzeko moduei eta merkaturatzeari lotutako eskakizunak jaso ditugu”, laburbildu ditu Monterok manifestuko oinarriak. Hain zuzen ere, ikerketatik ateratako ondorio positibo bakarrak agroekologiari eta baratze txikiei lotutakoak dira: eredu txiki eta ekologikoan gero eta ekoizpen eta pertsona gehiago ari da, hori da desagertze orokorrarekin kontrastea egiten duen gauza gutxietako bat.

Ikerketa hedatzea eta manifesturako atxikimendu ahalik eta zabalena lortzea da orain bultzatzaileen asmoa. Hori, eta jendartean, erakundeetan eta administrazioan eragiteko espazio bateratuak sortzen jarraitzea.