Gasteizko protestak Trebiñu eta Araba elkarteek deitu dituzte, Tafallakoak Semilla y Belarra elkarteak eta Baionakoak 'Pirinio mendikateko laborariek’. Denek salatu dute Mercosur merkataritza akordioaren ondoriozko konpetentzia, eta erregaien zerga gehiegizkoak.
Arabako nekazariek Gasteizen egin dituzte protestak. Trebiñu eta Araba elkarteek deitu dituzte traktore biltzeak otsailaren 10erako eta 11rako. Astelehenean, 10:00etan egin dute protesta-bilkura hiri erdigunean, Buesa Arena aparkalekuetatik abiatuta. Otsailaren 11n Jundizen elkartu eta protesta Mercadonaren logistika-plataformara eramango dute.
EITBk azaldu duenez, hainbat gairi buruzko desadostasunak azpimarratu nahi dituzte antolatzaileek. Iazko protestaldietan bezala, nekazariek, aurten ere, Mercosur merkataritza akordioa kritikatu dute, horren ondorioz bertako nekazarien diru sarrerak murrizten direla argudiatuta. Elikagai katearen legea betetzea eskatu dute, kostuak adinako prezioak bermatzeko. Salneurri justuak ere eskatu dituzte. Ohartarazi dute Arabarako diseinatu diren makroproiektu fotovoltaikoek nekazaritza lur emankorrak bereganatzeko arriskua dagoela. Otsoa babesteari uztea ere eskatu dute, eta hidrokarburoen zergaren aurka daudela ere azpimarratu dute.
Baionan erregaien zergak gaitzetsi dituzte
‘Pirinio mendikateko laborariak’ izena hartuta antolatu dira Hego Euskal Herriko eta Ipar Euskal Herriko hainbat laborari protesta egiteko. Beskoitzen traktoreak biltzeko deia egina zuten, eta adierazi dutenez, 24 orduz luzatu nahi dute protesta. Traktoreek Baionarantz hartu dute autopista. Sud Ouest hedabideak Jean-Francois Lasserre Bidaxuneko alkate eta laborariaren hitzak jaso ditu. Hiru aldarrikapen dituztela azaldu du. Bata, arabarrek eskatu bezala, Mercosurren lehia desleiala bukatzea. Bigarrenik, Europako herrialde guztietan araudi bera ez dagoela kritikatu du eta homogeneizazioa eskatu du. Hirugarrena, erregaien gaineko zergak hamar urtez bikoiztu egin direla esan du eta zergak murriztea eskatu.
Kazeta.eus hedabideak jaso duenez, oraingo protestetan gai berri bat ere bada. Behi-tuberkulosiaren ondorioz arazoak dituzten laborariek protesta baliatu dute gaitz horren inguruko protokoloa salatzeko.
Tafallan Espainiako mugimenduei begira
Nafarroan, Semilla y Belarra elkarteak egin du traktoreak elkartzeko deialdia Tafallarako. Espainiako Estatuan Unaspik (Lehen Sektoreko Elkarte Independenteen Batasuna) egindako deialdiarekin bat egin du Semilla y Belarrak.
Unaspik adierazi du protesta hau aukera bat dela gizartea eta autoritateak Mercosurren arriskuaz ohartarazteko. Sektorea "bizirik mantentzea" jokoan dagoela esan du. Presazko neurriak eskatu ditu Espainiako nekazaritzaren eta abeltzaintzaren etorkizuna bermatzeko, eta atzerritik datozen produktuei egin die aipamena. Europako elikagaien kalitate neurriak errespetatzea eskatu dute, eta salatu dute, neurri horiek ez badira errespetatzen, lehia desleiala eragiten duela eta osasun arauak ez direla betetzen. Unaspiren ustez, elikadura burujabetza arriskuan dago "atzerriko produktuen gorakadaren ondorioz". Bestalde, Unaspi kexatu da Europako ingurumen politikengatik. Ingurumen neurriak bete beharrak eraginda, "kostuak igotzen ari direla" salatu du.
Protestek “beharrak entzun arte eta erabaki presazkoak hartu arte” jarraituko dutela adierazi du.