argia.eus
INPRIMATU
Leticia Urretabizkaia (EHU-ko ikertzailea):
“Nekazarien ohiko jarduerarekin zerikusirik ez duten baldintzak ezartzen ari dira, nork sal dezakeen erabakitzeko”
  • La Via Campesinaren Nazioarteko Biltzarraren egitarau osagarriaren barruan, nekazarien eskubideen urraketari buruzko txostena aurkeztu zuten asteazkenean. EAEri dagokion atalaren egileak, Leticia Urretabizkaia EHUko ikerlari eta hezitzaileak, gurekin hitz egin zuen aurkezpena egin baino lehentxoago.   

Unai Brea @unaibrea2 2017ko uztailaren 21a
(Arg.: Aritz Loiola)

Hitz egin dezagun testuinguru orokorraz lehenik. Alegia, NBEn negoziatzen ari diren nekazarien eskubideen adierazpenaz.

Adierazpen horren zirriborroan bada artikulu berritzaile bat, hamazortzigarrena, nazioarteko marko juridikoan oraingoz existitzen ez dena: errentarako eta bizibide duinerako eskubidea. Eta oraingoz ez da existitzen nekazariak izan direlako eskubide hori defendatzeko beharra sentitu duten bakarrak.

Zertan datza eskubidea zehazki?

Eskubide horren bitartez bermatu egiten dira merkatuetara sarbidea, diru sarrera duinak, prezio justu eta gardenak, eta komertzializazioa komunitateak kudea dezala. Nekazariek horren alde egiten dute beren produktuen prezioa erabakitzeko botererik ez duen sektore sozial bakarra direlako.

Nork du, orduan?

Enpresa handiek. Elikadura-sistemaren gaineko kontrola ezabatzearen ondorioz, transnazionalek erabakitzen dute bai zenbat ordainduko dieten ekoizleei, bai zenbat ordainduko dugun kontsumitzaileok. Azpimarratzekoa da eskubide hori ez dela, hortaz, nekazarien onerako bakarrik, baita kontsumitzaileon onerako ere, orain ez baitugu gure elikaduraz eta haren truke ordainduko dugunaz erabakitzeko aukerarik.

Zaila izango da NBEren adierazpen hori aurrera ateratzea?

La Via Campesinak hasierako proposamena egin zuenean, ekoizleek prezioez erabakitzeko ahalmena aldarrikatu zuen. Horrek eraso egiten dio kapitalismoaren oinarriari, eta herrialde askok ez dute onartu nahi. Bai Iparraldekoek, haietan baitaude mozkinak lortzen dituzten enpresak, bai Hegoaldeko herrialde agro-esportatzaile batzuek ere.

"Oztopoak ipintzen ari zaizkio tradizioz EAEko ekoizleentzat
oinarrizkoa izan den tokian tokiko salmentari". (Arg.: Aritz Loiola)

Zuk EAEko kasua aztertu duzu. Zein da egoera?

Banatzaile handiei saltzen dieten nekazariek ez dute euren prezioak ezartzeko aukerarik. Europako Nekazaritza Bateratu Politika hasi zenean, bazegoen benetako interesa bertako nekazariak ez desagertzeko (elikagaien munduko merkatuan lehiatu ahal izateko besterik ez bazen ere), eta prezioak bermatzeko eta merkatua arautzeko politikak ezarri ziren, baina ondoren, EBk Munduko Merkataritzaren Erakundearekin eta merkataritza askeko itunekin hartu dituen konpromisoak direla-eta, merkatuaren kontrol-neurrien ordez diru-laguntza sistemak jarri dituzte. Laguntza horien bitartez berdintzen da prezion beherakadak nekazariei dakarkien galera. EAEra etorrita, batetik ikus daiteke Espainiako Estatua ez dela ziurtatzen ari laguntza horiek behar bezala iristea sektorera, eta bestetik, oztopoak ipintzen ari zaizkiola tradizioz ekoizleentzat oinarrizkoa izan den tokian tokiko salmentari.

Nola?

Haren gestioa pribatizatuz, fiskalizazioa areagotuz… Nekazarien ohiko jarduerarekin zerikusirik ez duten aurre-baldintzak ezarri dira, nork sal dezakeen eta nork ez erabakitzeko. Salmenta, maila horretan, beti izan da herrian denen artean gestionatuko zerbait, baina gero eta zailago bihurtzen ari da modu horretan saltzea.

Zeintzuk dira aipatu dituzun aurre-baldintza horiek?

Besteak beste, higiene eta osasun arauak. Globalenetik lokalenera, industriarako pentsatuta daude. Eta zaila da baserri txikiek betetzea. Hala ere, badirudi guk gure txostena idazten ari ginen momentuan EAEn apur bat malgutzen hasiak zirela arau batzuk, beraz baliteke egoerak apur bat hobera egin izana.

Zer neurri ezar daiteke errentarako eskubidea bermatzeko?

Prezioen behatokiak sortzea, ekoizleek eta are kontsumitzaileek ere parte har dezaketen prezioen negoziazio mahaiak eratzea… Helburua da nekazarien bizimodua ahalik eta autonomoena izan dadila, diru-laguntzen menpe egon gabe, laguntzak independentzia galarazten duten tranpa baitira. Bestalde, ekoizleak, kontsumitzaileak eta kontzientziadun udalak ekimen interesgarriak sortzen ari dira EAEn, baina legez kanpo geratzera kondenatuta daude. Neurri on bat litzateke horiek babestea, edo behintzat ez oztopatzea.