Adelinda Gómez Gaviria landa guneko nekazarien aldeko ekintzailea erail zuten Kolonbiako paramilitarrek iragan ostiralean.
Landa guneko nekazarien defentsan jarduten duen talde bateko kide zen Gomez, Kolonbiako Mendiguneko Integrazio Batzordeko kide (CIMA), alegia. CIMA Kolonbiako ipar mendebaldeko herrien bazterreko egoera salatu eta bertako herritarren eskubideen defentsan lan egiten duen erakundea da.
Nekazal eskubideen aldeko lanaren baitan, Adelinda Gomez Cortaderas meatzaritza eta ingurumenari buruzko topaketen antolakuntzan aritu zen erasoaren aurretik. Hain zuzen ere, topaketa horien harira jaso zituen Gomezek mehatxuak.
Jardunaldiak hasi aurretik dei bat jaso zuen. Hariaren bestaldeko ahotsak meatzaritzaren gaia albora uzteko exijitu zion: “Ez ezazu hautsik harrotu meatzaritzaren kontu horrekin, arriskutsua da eta heriotzara eraman zaitzake”.
Mehatxuak mehatxu, otsailaren 15ean meatzaritzaren inguruko jardunaldiak egin zituzten eta 1.500 nekazari eta indigena bertaratu ziren.
Iragan astelehenean, bilera baten ostean semearekin batera Gomez etxera bueltan zihoanean, bi sikario hurbildu eta biak tirokatu zituzten. Semea larriki zauritu zuten eta Gomez erail, bost tiroz. Cortaderas herrian gertatu zen, Caucako departamentuan.
Ekintzaileak, mehatxupean
Giza eskubideen aldeko erakundeek salatu dutenez, aurten nekazal eskubideen aldeko 14 ekintzaile erail dituzte Caucan. Gainera, nekazal mugimenduko 12 kide heriotza mehatxupean daudela jakinarazi dute.