argia.eus
INPRIMATU
Bultzatu den elikadura politikaren ondorioak:
Nekazariak kaleetan eta gurasoak haurrekin plazetan protestan
  • Nekazariak protestan ari dira, baina eredu agroindustrialak hartu du lidergoa. "Itun Berdea" ere, Europar Batasunaren hurrengo hamarkadako estrategia nagusia zena, pikutara bota dezakete, begirik kliskatu gabe. Bitartean, euskal eskoletan zorriak eta harrak zerbitzatzen dira. Hemen ere, begiak kliskatu gabe, Eusko Jaurlaritzak bere eskumenak erabiltzen jarraitzen du catering-eredu ez-iraunkor baten alde.

Aintzira OƱederra Goiuri Alberdi Asunek 2024ko martxoaren 03a
Argazkia: Langile ikastolako gurasoak.

Nekazariak kalera atera dira, eta ikusi besterik ez dago zer nolako traktoreak dituzten, euren lursailak irudikatu eta laborantza eredu industrialean murgiltzeko: tokikoa, bertakoa eta 0km, baina nekazal eredu globalizatuaren parte. Europan ere beldurtu dira erakustaldiarekin eta Ursula von der Leyen egun batetik bestera atera da pestiziden erabilera %50 murrizteko plana erretiratuko duela esanez. Eusko Jarlaritzak ere, ingurumeneko politikak nekazaritzako jarduerarekin “harmonizatzeko” konpromisoa hartu du.

Aldi berean, kalera atera diren nekazariekin harreman zuzena duen beste berririk ere iritsi zaigu egunotan: landare zorriak eta harrak agertu dira zenbait eskola jantokitako plateretan, “janari hondatua” eskaini zaie haurrei bazkaltzeko. Eta berriro ere, ahalik eta etekin ekonomiko handiena bilatzen duen elikadura eredu globalizatuari erreferentzia egiten dion egoera. Ikusi besterik ez dago jantokien kudeaketarako esleitzen diren kontratuek duten dimentsio ekonomikoa, eta pleguetan prezioaren irizpideak hartzen duen garrantzia, catering enpresa gero eta handiagoek soilik eskaini dezaketen zerbitzua.

Ezarri asmo den eredu ekonomikoaren inguruko erabakia hartuta dago, eta laborari ekologikoen lan baldintza duinak, eta haurrek egunerokoan jaten dituzten elikagaien osasun-egoera, ez dira oinarrizko baldintza gisa hartzen. EAEko Hezkuntza Sailak “kudeaketa zuzenaren” bidea soilik jorratzen du, jangela kolektiboetako elikagaien erosketa publikoa enpresen lizitazio bidez esleituz. Modu horretan, Serunion catering enpresak egunotan galdu dituen 17 eskola jangelen kudeaketa, zerbitzu bera ematen duen beste enpresa batzuen eskuetan geratuko da, eta Serunion enpresa berriz, Urdulizko ospitalea kudeatzera pasako da.

Ez da izango beste eredu batzuen aldeko apustua egiteko gaitasunik ez dugulako, 1992ko estatu mailako legeak bost eredu proposatzen ditu, eta autonomia erkidego bakoitzaren esku uzten du erabakia. Bada inguruan bestelako eredu des-zentralizatuak aplikatu dituenik: Nafarroako Gobernua dekretu berria lantzen dabil, eskolen “autonomia” ardatz hartuta eta Hezkuntza Sailak “itunak” hitzartu ahal izango ditu eskola jangelen ardura beren gain hartu nahi duten tokiko erakundeekin. Gure Platera Gure Aukera aspaldidanik ari da antzeko kudeaketa ereduak EAEra ekartzeko ahaleginean.

Beraz, zinez espero dugu eskoletako haur kopurua murrizten ari den heinean, eskola jangelak catering enpresa handientzat errentagarriak izateari utzi beharrik ez izatea, behingoz erosketa publikoan oinarritzen diren jangelen inguruko erabakimena eskola kontseiluen eskuetan kokatzeko. Zer esanik ez zahar egoitza eta ospitaleetako erosketa publikoari dagokionean, horiek baitira catering enpresa nagusiek modu gero eta estrategikoagoan konkistatuko dituzten negozio zelaiak.