argia.eus
INPRIMATU
Brasil
Nekazari txikiak oztopatzeak gosea dakarrenean
  • Brasilgo nekazari txikiei haien ekoizpenak mantentzeko laguntzak emateko asmoz, 735/2020 Lege Proiektua onartu zuten udan Diputatuen Ganberak eta Senatu Federalak. Jair Bolsonaro presidenteak, ordea, betoa ezarri zien legearen xedapen ia guztiei, nekazari familiei laguntza guztiak ukatuz eta gosearen aurka egiteko aukera garrantzitsua baztertuz. Gobernuaren jarrera salatzeko eta herrialdeko egoera zein den ezagutarazteko, artikulua argitaratu du MMC Brasilgo Emakume Baserritarren mugimenduak. Michela Calaça ekintzaileak sinatu du idatzia, eta Bizilur elkarteak euskarara ekarri.

Garazi Zabaleta 2021eko urtarrilaren 28a
Emakume nekazaria Murici herrian. Argazkia: Edcleide da Rocha Silva/MMC

Brasilgo etxeetan kontsumitzen diren elikagaien %70 bertako nekazari txikiek ekoiztuak dira, Brasil de Fato egunkariak jaso duenez. Horrela dio MMCk zabaldutako oharrean: “Lege Proiektuak ez zituen nekazarien eskaera guztiak jaso, baina nekazaritzako politika publikoak alde batera uzteagatik sortutako elikagaien krisiari aurre egiteko proposamen garrantzitsuak biltzen zituen”. Diputatuen Ganberan eta Senatu Federalean onartutakoak elikagaien ekoizpena bultzatu eta tokiko merkatuetan eskasia saihestu nahi zuen. “Laguntza espezifikoak eta larrialdietarakoak ematen zitzaizkien nekazariei, beren dibertsitate osoan”, azaldu dute oharrean.

Goseak herrialdea aspaldian ez bezala kolpatzen duen garaiotan, Bolsonaroren gobernuak galarazi egiten die nekazariei haien produkzioa handitzea eta gosearen aurka egitea. “Gobernuak indigenak, quilombolak eta haien lurraldeak babestuak izatea eragozten du”, salatu dute. Bizi duten egoera munduan zabaltzeko eta salatzeko lanean ari dira emakume baserritarren mugimenduko kideak.

Gosea areagotzen duen heriotza-proiektua

“COVID-19 pandemia iritsi aurretik, Brasilgo Geografia eta Estatistika Institutuak gosearen hedapen-egoera kezkagarria zela adierazi zuen. 2019ko datuen arabera, 10,3 milioi pertsonek ez zuten oinarrizko elikadurarako sarbide erregularrik, eta Brasilgo familien %5 elikagaien segurtasun falta larrian zegoen. Horietatik erdiek baino gehiagok, emakumeak zituzten familia buru, eta herrialdeko ipar-ekialdean bizi ziren”.

Koronabirusak lehenagotik zetorren egoera okertu besterik egin ez badu, argia da zein izanen den herrialdeko elikaduran hain paper garrantzitsua duen nekazaritza eredua babesik gabe uztearen emaitza. Horrela amaitzen da MMCko kideen artikulua: “Elikadura burujabetzaren eraikuntzan etengabeko borrokan gabiltza, agroekologiaren eta emakumeon askatasunaren eta autonomiaren alde egiten. Jendarte osoari borroka honetara batzeko dei egiten diogu. Norbaitek gosea pasatzen badu, bere beste eskubide guztiak ukatuak izan zaizkiolako da, eta argi dago goserik pasatzen ez duenak ere mehatxatuta dituela bere eskubideak”.