argia.eus
INPRIMATU
Nekazari perutar batek RWE konpainia elektrikoa auzitegietara eraman du klima-aldaketa medio
  • Saúl Luciano nekazari eta mendi gidari perutarrak Alemaniako RWE konpainia elektrikoa salatu zuen, enpresaren zentral termikoek eragiten duten CO2 isurpenek Huaraz (Peru) inguruko bi glaziarren urtzean laguntzea egotziz. Auzia onartu duten Alemaniako epaitegien erabakia, berotze globalaren aurkako etorkizuneko ekintzen aurrekaria izan daiteke.

IƱigo Igartua @igartua19 2018ko abenduaren 10
Argazkia: ccma.cat

TV3 Kataluniako telebista kate publikoko 30 minuts programan, Saúl Lucianoren klima aldaketaren aurkako borrokaren erreportajea eman dute igandean. Bi glaziarren urtzeak, Huaraz uhartean uholdeak izateko arriskua eragin dute eta mehatxu bihurtu da Lucianoren familia, etxea eta nekazaritzarako lurrentzat. Atmosferara igorritako CO2 isurketek sortutako berotegi efektua glaziarren urtze prozesua azkartzen ari da eta egoera honi aurre egiteko duela hiru urte Atlantikoa gurutzatu eta Alemaniara joan zen.

Texaseko Unibertsitateko azterketa baten arabera, Huarazetik hogei kilometrotara dagoen Palcacocha lakuaren bolumena hogeita hamar aldiz hazi da azken 40 urteetan. Hazkundearen eragilea Alpamayo, Chopicalqui eta Huascarángo gailurretako bi glaziarren urtzearen azelerazioa dela azaltzen du ikerketak.

2015ean Germanwatch-eko aktibisten laguntzaz Lucianok Alemaniara egindako irteeraren helburua izan zen, RWE konpainia elektrikoen instalazio termikoen CO2 isurketek bi glaziarren kolapsoa eta Huaraz uhartearen uholde arriskua eragin zitzaketela salatzea.

Klima-aldaketa aldizkari zientifikoko 2013. urteko ikerketa batek ohartarazi zuenez, RWE enpresa munduko kutsatzaile handienetakoa da eta ondorioz, Andeetako glaziarren gainbeheraren arduradun nagusietakoa. Zehazki, berotegi efektua eragiten duten gasen isurpen guztien % 0,47aren eragile da.

Hamm Alemaniako Eskualdeko Auzitegiak Saul Lucianoren salaketa onartu du, eta orain hautatutako adituek zehaztuko dute enpresaren jarduera glaziar horien urtzearen erantzule den.