Nekazari gazteen nazioarteko laugarren asanblada izan da La Via Campesinaren VII. Nazioarteko Biltzarraren lehen urratsa. Egun eta erdiko bilkurak emandakoa azaldu digu Paula Gioiak, La Via Campesinaren koordinazio batzordean Europak dituen ordezkarietako batek.
Jatorriz brasildarra da Gioia, baina Alemanian bizi da, eta hango ABL laborari elkarteko kidea da. “ABLk badu gazte sail indartsua, autogestioan oinarrituta”, esan digu.
“Bilkura oso garrantzitsua izan da eskualde guztietako gazteak elkartu eta erresistentzia eta borroka moldeak trukatzeko”, azaldu du; “halaber, formazioan eragin beharraz jardun dugu, ez formazio teknikoa bakarrik, baita politikoa ere”. Zehazki, agroekologian oinarritutako formazioaren garrantzia azpimarratu du Gioiak, “teknika multzo bat baino gehiago baita; dimentsio politikoa du”.
Komunikazioa ere izan dute hizpide gazteek: “Hedabideek askotan eskuin muturreko gobernu eta elkarteen doinuaren arabera egiten dute dantza, mezu xenofoboak emanez eta nekazari gazteak kriminalizatuz”. Ildo horretan, Gioiak dio migrazioa dela gaur egun munduko laborari gazteei gehien eragiten dien gaietako bat. “Mundu osoan gertatzen ari da, baita Europan ere”.
Nekazari gazteek aitortza nahi dute
Gioiak ez du uste Europako nekazari gazteen arazoak eta munduko beste eskualde batzuetan bizi direnenak oso desberdinak direnik. “Nazioarteko testuingurua bera da: kriminalizazioa, gazte nekazariei trabak, gure aurkako sistemaren bortxa estrukturala… Sistema patriarkal eta kapitalista batean bizi gara, non nekazari gazteak ez diren aitortuak subjektu gisa”.
Gazteek lurrak eskuratu eta lanean hasteko zailtasunak dituzte mundu osoan. Eta ez lurra bakarrik: ekoizpenerako bitartekoak, baliabide naturalak, ezagupideak… ez dituzte erraz lortzen laborari hasiberriek, Gioiaren esanetan. Erreleboa zailtzen du horrek. “Kontuan izan behar da Europan, esaterako, nekazarien batez besteko adina 60 urtekoa dela, eta hiru minuturo baserri bat ixten dela”.
Horren aurrean, gazteentzako hezkuntza indartu beharra nabarmendu du ABLko kideak: “Garrantzitsua da jakintza tradizionaletan eta agroekologian oinarritutako lan moldeak ikasteko aukera izatea, industriak sustatu nahi duen sistemakoen aurrean”.
Gazteen batzarraren lekukoa hartu du emakumeenak Derioko apaiztegian, astearte arratsaldera arte.