argia.eus
INPRIMATU
Nekane Txapartegiri erresidentzia baimena eman diote Suitzan
  • Irailaren 15ean libre utzi zuten Zuricheko espetxean eta sei hilabeteren ondoren Suitzan bizitzeko baimena eman diote. "Berri ona dela" aipatu du asteasuarrak eta berari eta alabari egunerokoa asko erraztuko diela nabarmendu du.

Tolosaldeko Ataria @tolosaldeataria 2018ko martxoaren 16a
Nekane Txapartegiri Espainiako poliziak egindako torturak aztertu ditu NBEren Tortura Prebenitzeko Batzordeak. (Argazkia: Tolosaldeko Ataria)

Sei hilabeteren ondoren, "borroka burokratikoa ere irabazi dugu" esan du Txapartegik Suitzatik. Bizitza normala egiteko aukera izango du. Atzo bere abokatuak jaso zuen ebazpenaren berri eta gaur arratsaldean jasoko du asteasuarrak erresidentzia baimena.

1999an atxilotu zuten lehen aldiz Txapartegi, ustez ETArekin lotura zuelakoan eta inkomunikazio aldian torturak egin zizkioten. Hain zuzen, torturapean egindako deklarazioan oinarrituta epaitu zuten urte batzuk beranduago 18/98 auzian. Bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten, baina atxilotu aurretik ihes egin zuen. 

Suitzan bizi izan da dokumentazio faltsuarekin baina bere aurka Espainiako estatuak egindako estradizio eskaerei kasu egin eta Suitzako Justizia Federalak 2016ko apirilean atxilotu zuen Zurichen, Espainiako Poliziarekin kolaboratuta. Urte eta erdi eman zuen Suitzan espetxean, harik eta Espainiako Auzitegi Nazionalak zigorra murriztu eta bere auzia preskribatutzat eman zuen arte. Iazko irailaren 15ean utzi zuten libre.

Suitzan bere egoera erregulatzeko tramiteak egin ditu sei hilabeteotan eta erresidentzia baimena eman diote sortzez asteasuarra den herritarrari.

Albiste hau Tolosaldeko Atariak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.