NBEren Torturaren Aurkako Batzordeak (CAT) egindako gomendioak betetzeko Espainiako Estatuak hartutako neurrien inguruko informazioa jaso eta gero, batzordeak uste du neurriak ez direla inplementatu eta informazio osagarria eskatu dio, tartean, Txapartegiren tortura salaketaren ingurukoa.
Inkomunikazio egoeran ematen diren atxiloketa eta oinarrizko berme legalen, etorkinak behin-behinean hartzeko zentroen, isolamendu erregimenaren eta poliziak egiten duen indarraren gehiegizko erabileraren inguruan egin zituen gomendioak NBEko Torturaren Aurkako Batzordeak. Gomendio horiei buruz Espainiako estatuak 2015eko maiatzean emandako informazioa eskertzen du batzordeak, baina uste du gomendioak ez direla erabat bete, eta informazio eguneratua eskatu die arduradunei.
Zehazki esateko, txostenaren 25. paragrafoan, Nekane Txapartegiren kasuaren inguruan egin diren ikerketen inguruko informazioa eskatu dio Espainiako Estatuari NBEk. "Bere atxiloketaren unean Txapartegik egindako tortura salaketak eta ikerketaren emaitzak zein izan diren" argitzeko.
Puntu horretan bertan beste hainbat kasuren inguruko informazio zabalagoa ere eskatu dute batzordeko kideek, besteak beste, 2012ko apirilean Ertzaintzaren gomazko pilota batek buruan jo ondoren hil zen Iñigo Cabacasen kasuaz. Torturaren Aurkako Batzordeak gehiago jakin nahi du, baita ere, preso zegoen bitartean hildako Rachida El Mehadiren heriotzaz, edo Tarragonako erietxe batean zegoela Esquadra Mossoek Juan Jose Gabarriri emandako tratuaz.
Albiste hau Tolosaldeko Atariak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.