argia.eus
INPRIMATU
Nekane Txapartegik ez du epaitegian deklaratu Espainia-Suitza estatuen arteko jokoan ez sartzeko
  • Nekane Txapartegi maiatzaren 22an deklaratzera deitua zuen Espainiako Auzitegiak. 200 lagun elkartu ziren Bernako auzitegi aurrean elkartasunez. Bideokonferentziaz ere ez deklaratzea erabaki zuen, "Estatu Espainiar eta Suitzarraren arteko joko horretan ez sartzeko". Nazioartean elkartasuna pizten doa eta hurrengo aste-hilabeteetan bi estatuek erabakiko dutenaren zain egon beharko du euskal errefuxiatu politikoak. Hala Bedi irratian egindako elkarrizketan adierazi duenez, "Kausa berri honek balioko du tortura sexista eta euskal gatazka internazionalizatzeko".

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2019ko maiatzaren 23a
Asteasun maiatzaren 22 iluntzean Nekane libre izateko eskatuz egin zen konzentrazioa.

2017an Suitzan aske gelditu ostean orain Espainiako Auzitegiak berriz deklaratzera deitu izanaz, hau esan du Txapartegik Hala Bedi irratiak aste honetan publiko egin duen elkarrizketan:

"Ez nau harritzen, ongi ezagutzen dugulako estatu españolaren mendeku gosea. Suitzan jendeak ez du ulertzen nola den posible, lehen saiakeran estatu españolak ez baitzuen lortu eta abisua argia izan zelako: torturak zeudela eta ez zela extradiziorik egongo. Bukaeran soluzio juridiko bat eman bazioten ere, guk pentsatzen dugu soluzio juridiko hori etorri zela egon zen presio eta kanpainagatik, alegia, nolabait behartu genituela konponbide bat ematera.

Orain berriz lotsagabeki datoz, eta hemengo jendeak galdetzen du 'baina hauek ez dute ikasten?'. Horren atzean dagoen mentalitate kolonizatzaile inkisidorea ezagutzen dugu. Uste dut beren estrategian behar dituztela horrelako figurak, sorginak-edo, beraien aparato errepresibo guztia legitimatzeko eta martxan jarraitu ahal izateko. Oraindik ere legedi antiterrorista indarrean baitago. Nola da posible, borroka armaturik ez badago? zergatik daude legedi berezi horiek erabiltzeko prest? Lehen nahi ninduten, ez dute lortu, eta orain saiatuko dira eta nire inguruan konstrukto bat eraikiko dute. Baina horrela ohituta daude, urte hauetan guztietan horrela egin dute, terrorismo izenpean nazioarteko legedia nahi duten bezala puskatuz, Europatik ere babes osoa izan dutelako".

Suitzari egin zion asilo eskaera premiazkoa zela azpimarratu du Txapartegik: "Free Nekane kanpainak tortura sistematikoak bistaratu zituen, oraindik ez dira bi urte askatu nindutela eta gaia oso present dago. Beraz, orain berriz badatoz, Suitzako gobernuak posizionatu egin beharko du torturaren gaiarekin. Kausa honek erakusten du arrazoiak bazirela eskatu nuen asilo politikorako, jazarpen politikoa dagoela. Berriro ere epai politiko bat izango da. Aukera emango digu tortura sexista eta euskal gatazka internazionalizatzeko".

Bernan maiatzaren 22a

Bilgune Feministak sare sozialetan zabaldutako argazkietan ikus daiteke maiatzaren 22an Bernako auzitegi aurrean Suitzako ezkerreko mugimenduek deituta egin zuten elkarretaratzea:

 

 

 

Argazkia: @ehbfeminista

 

 

 

 

 

 

Argazkia: @ehbfeminista

 

 

 

 

 

 

Argazkia: @ehbfeminista.

 

 

 

Lora Irratiak bideoan hartu du:

 

 

Nazioartean elkartasunezko lehen mezuak

Kordobatik "Ni una menos" asanbladak bideo bidez adierazi du bere elkartasuna.

Euskal Herriko Bilgune Feministako kideak ere Suitzara joan ziren eta bideoz mezua zabaldu zuten.

 

 

CONAICOP Herri Komunikazioaren Kontseilu Nazional eta Internazionalak elkartasuna adierazi dio Txapartegiri eta Suitzako Gobernuari eskatu dio asilo politiko edo humanitario izendapena ematea Txapartegiri.

Orain arteko auzia preskribatuta

Txapartegi 1999ko martxoaren 9an atxilotu zuten eta torturatu. Torturapean egindako deklarazio horiek soilik izanik bere aurkako froga bakar, 18/98ko makro epaiketaren barruan izan zen epaitua, eta 11 urteko kartzela zigorra ezarri zion Baltasar Garzón epaileak, 2007ko abenduan.

Txapartegik kondena onartzen ez zuenez, Suitzara jo zuen eta bertan bizi da alabarekin. 2015ean Espainiako Ministroen Kontseiluak extradizio eskaera egin zuen eta 2016ko apirilaren 6an Suitzako Gobernuak kartzelatu egin zuen. Free Nekane kanpaina abiatu zuten ezkerreko erakunde anitzek Suitzan eta indar izugarria hartu zuen extradizioaren aurkako eskaerak. 2017ko irailaren 15ean libre geratu zen: izan ere, Auzitegi Gorenak otsailean bere aurkako zigorra murriztu egin zuen 3 urte eta 6 hilabetetara, eta kondena preskribatutzat eman zuen.

ARGIAren 2627 zenbakian egindako elkarrizketan kontatua du xehe hau guztia.