Gaur, otsailak 14, izan da Auzitegi Nazionalaren Zigor arloko Aretoan, bere abokatu Iñigo Iruinekin batera. 1999an 18/98 makroepaiketaren barruan atxilotua eta torturatua izan zen, eta gaur eman dio amaiera epaiketa politiko hari: Suitzan bi karnet faltsu edukitzeagatik sei hilabeteko zigorra ezarri diote baina ez du kartzelara joan beharko. Hitza hartu duenean torturaren salaketa egin du, eta bere aurkako jazarpen politikoari itxiera eman diola adierazi. Aurrerantzean, bere aurkako estradizio eta atxiloketa agindurik gabe libre ibili ahal izango du, eta horrek aukera irekiko du bere alabak ere paperak lortu ditzan. Bere hurrengo asmoa “denak ni bezala aske eta libre izan arte borrokan jarraitzea eta torturaren aurkako salaketa ahal den leku guztietara eramatea” dela adierazi dio ARGIAri, epaitegitik irten berritan.
“Gustura etorri gara, bost minutukoa izan da baina aukera izan dut esateko zergatik nengoen hor: hasieran nire aurka aurkeztutako salaketak atzera bota dituztelako eta jazarpen politikoari, errepresioari itxiera emateko aukera delako”, azaldu du Txapartegik.
Epaileak galdera bakarra egin dio: karnet faltsuak izateagatik ezarritako sei hilabeteko kondena onartzen al duen. “Erantzun diot nire abokatuak egindako akordioa onartzen dudala, jazarpen eta errepresio ziklo honi itxiera emateko. Baina lehen ere torturapean behartutako autoinkulpazioetan oinarritu zutela nire kondena, horregatik ihes egin nuela Suitzara, berriro torturatua ez izateko eta paper faltsuak erabili behar izan nituela nire burua eta alaba babesteko”.
1999an 18/98 makrosumarioaren barruan atxilotua eta torturatua izan ostean, kartzela zigorrari ihes egiteko Suitzara jo zuen 2007an. Geroztik Espainiako Estatuek egin dituen estradizio eta atxilotze agindu ugarien ostean, gaur jaso duen kondena bakarra Suitzan bi karnet faltsu edukitzea da, eta ez du kartzelara joan beharko. “1999an hasitako epaiketa politikoari amaiera eman diogu” ospatu du Txapartegik. Bere familia eta lagunak auzitegiko areto barruan egon dira, eta txalo zaparrada eskaini diote amaieran.
“Zoritxarrez, nire alaba oraindik ezin da munduan zehar libre ibili, paperik ez daukalako. Baina orain lasai egin ditzakegu Suitza eta Euskal Herriaren arteko joan-etorriak. Orain arte, nahiz eta espetxean ez egon, ezin ginen Suitzatik atera. Gaurkoarekin, bahiketa politiko horri amaiera eman diogu”. Txapartegi pozik agertu da gaurko lorpenak bidea erraztu dezakeelako bere alabak Suitzako herritartasuna lortu dezan.
Bere egungo helburua hauxe dela adierazi du: “Denak ni bezala aske eta libre izan arte borrokan jarraitzea eta torturaren aurkako salaketa ahal den leku guztietara eramatea, tortura aparatua desagerrarazi eta torturaren aitortza politiko kolektiboa lortu arte. Nirea posible izanak berresten du borrokan jarraitu behar dugula beste guztiak etxeratzea lortzeko”.
“Minean eta garaipenean”, bietan familiaz eta lagunez inguratuta sentitu dela adierazi du, eta gaurko eguna elkarrekin ospatuko dute etxeratzean.
Arratsaldeko 19:00etan, berriz, Bergarako Seminarixoan izango da, Bi arnas filmaren emanaldian. Iratxe Sorzabal presoaren eta bere amaren arteko harremana azaltzen duen filmean Nekane Txapartegik bere torturaren salaketa egiten du. Filma ikusi ostean, elkarrizketan arituko dira filmaren ekoizle Kima Arzuaga eta Nekane Txapartegi.
Nekane Txapartegi Nieveren auziak epaitegietan izan duen bilakaera bikain jaso du Ramon Solak Naiz hedabidean. Hemen irakur daiteke.
Hemen irakur daiteke 2022ko maiatzean, 15 urteko erbestealdiaren ostean, etxera itzuli zenean ARGIAk egin zion elkarrizketa: "Ni ez naiz gordeko ezta ixilduko ere"