argia.eus
INPRIMATU
Nekane Txapartegi etxean da, hamabost urte eta gero
  • Astearte goizean Auzitegi Nazionalean aurkeztu eta gero, arratsalderako Asteasu sorterrian zen. Dokumentu faltsutzea leporatuta epaituko dute Madrilen, baina ez diote kautelazko neurririk ezarri. ARGIAko kolaboratzailea da Txapartegi.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 06a

Iñigo Iruin abokatuarekin aurkeztu zen Madrilgo Auzitegi Nazionalean Txapartegi, hamabost urte ihesean eman ostean. Hainbat urtetan bere aurka indarrean egon diren estradizio eta atxiloketa aginduak indargabetu ditu epaitegiak. Hala ere, epaitu egingo dute Txapartegi, dokumentu faltsutzea leporatuta, baina ez ETArekin lotuta. Epaiketak ez du data finkorik oraindik.

Atxiloketa, tortura, zigorra, ihesa

Txapartegi 18/98 makrosumarioa zela-eta atxilotu zuen Guardia Zibilak. Inkomunikazio aldian tortura lazgarriak pairatu zituela salatu zuen, bortxaketa barne: “Martxoan atxilotu ninduen Guardia Zibilak, eta zuzenean Madrilera eraman ninduten. Bidean eskuak eta hankak lotuta eraman ninduten eta poltsa egiten zidaten, ito arteraino. Bidean gelditu, autotik atera eta, pistolan buruan jarriz, hilko nindutela esan zidaten. Madrilera iristean, «hoberena orain hasten da», esan zidaten. Benetako basakeria han hasi zen. Era guztietako mehatxuak, kolpeak , poltsa... eta bortxatu egin ninduten. Sentitzen den inpotentzia izugarria da”. Bideo honetan jaso zituen 18/98 ekimenak sumario hartan auzipetutako hainbat pertsonaren tortura testigantzak, epaitegian eginikoak:

2007an Auzitegi Nazionalak 11 urteko zigorra ezarri zion Txapartegiri ETAko kide izatea leporatuta, eta asteasuarrak espetxeari ihes egitea erabaki zuen. Azken urteak Suitzan eman ditu, eta han ere poliziaren eta epaitegien jazarpena pairatu du. 2016an atxilotu eta espetxeratu egin zuen Suitzako Poliziak, besteak beste. Azkenik, 2017an Auzitegi Nazionalak bere aurkako zigorra preskribituta zegoela ebatzi zuen. Urte horietan guztietan hainbat herritarrek salatu dute Txapartegiren egoera, esaterako, Asteasu sorterrian Nekane libre! Ekimenak, eta Suitzan Free Nekane izenekoak.

"Etsitzen ez dut ikasi"

2019ko urtarrilean ARGIAko kazetari Estitxu Eizagirrek elkarrizketa luzea egin zion Txapartegiri Suitzako erbestean, bere bizitza, hautuak, sentimenduak eta pentsamenduak aletuz. Hona pasarte esanguratsuenetako batzuk:

“Joxe Arregiren hilketaren aurkako manifestazioa izan zen [markatu ninduen lehen pasartea], 1981ean. Zortzi urte nituen. Ez nekien ezer torturari buruz baina nabaritzen nuen zer beldur zeukaten gure gurasoek, jendearentzako onartezina zen zerbait gertatu zela. Gurasoekin manifestazioan joan ginen, eta irudiak ditut buruan, Teodosioeneko paretik pasatzean (Zizurkilen) txakurrak, grisak, nola etorri ziren. Eta zer izu zabaldu zen. ‘Horiek dira txarrak, hemen gu zapaltzen eta beldurtzen ari direnak’ pentsatu nuen”

"Komisaria horretan egon nintzenetik motxila bat dakart, batzuetan beteago eta bestetan hutsago. Horrekin bizitzen ikasi dut, hori kudeatzen saiatu naiz. Baina nire zerbait komisaria horretan geratu zen"

"Klandestinitatean egonda ama izateak arriskua dakar. Umearekin ezin dut etxean gordeta egon, ume horrek eskolara joan behar du, sendagileak ... hori zen gakoa, arrisku eta beldur horiek nola kudeatu, umearen beharrak asetzeko"

"Kartzela unibertsitatea izan zen niretzat: feminismo erreala espetxean landu nuen"

“Ikastolan azaldu ziguten behin Dolores Ibarruri nor zen,  eta niretzako begiak zabaltzea izan zen: garai horretan emakume bezala herriari hitz egiten... Hauxe pentsatu nuen: 'nik horrelakoa izan nahi dut baina euskaraz'. Pipi Langstrumph eta Dolores Ibarruri ziren nire idoloak, biak ala biak indartsuak!”.

2021eko maiatzean ARGIAren iritzi sailean kolaboratzen hasi zen Txapartegi, Suitzatik.