argia.eus
INPRIMATU
Nekane Txapartegi estraditatzea onartu du Suitzako Justiziak
  • Epaileen arabera, Txapartegik “ez du era sinesgarrian frogatu torturatu zutela”. Espainiara estraditatzea onartu du Suitzako Justiziak, Espainiako Gobernuak eskatu bezala. Hiru urteko eta erdiko espetxealdia ezarria du, ETArekin kolaboratzea egotzita.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko martxoaren 24a

Apirilaren 6ean atxilotu zuen Suitzako Poliziak Zurichen, Espainiako poliziarekin batera burututako operazioan, Espainiako Gobernuak estradizio eskaera egin ondoren.

Txapartegik asilo eskaera egin zuen Suitzan, atxilotu zutenean egindako tortura salaketan oinarrituta, baina epaileen arabera “baldintza guztiak” daude Espainaratzeko. Preso asteasuarraren defentsak 30 eguneko epea du helegitea aurkezteko.  

Txapartegi 1999an atxilotu eta espetxeratu zuten, eta atxilotuta egon zen bitartean torturatu zutela eta bortxatu egin zutela salatu zuen. Demanda bat ezarri zuen, baina 2001ean artxibatu egin zuten. 18/19 auzian zigortu zuten, 2007an, eta sei urteko zigorra ezarri zioten, baina espetxeratu aurretik ihes egin zuen.

Otsailean Zigor Kodeko 579 bis 4 artikulua aplikatu zioten, espetxealdia murrizteko aukera ematen duena, eta hiru urte eta sei hilabetera murriztu zioten zigorra.