argia.eus
INPRIMATU
Nekane Murga Osasun sailburuak Osakidetzako iruzurra ezagun zuela adierazi du lekuko batek
  • Kardiologia epaimahaiko kide batek orain urte batzuk Murgarekin izandako elkarrizketa baten berri eman du. Egun Osasun sailburu denak ondorengoa esan zion: “Azterketarik ez edukitzeko, oso ondo egin duzu”.

ARGIA @argia 2019ko ekainaren 11
Nekane Murga, EITBko bideo batetik ateratako irudian

Martxan da Osakidetzako oposaketetako iruzurrari buruzko ikerketa judiziala, eta El Diario.es-ek sumarioko grabaketa bat egin du publiko. Grabaketan iazko Osakidetzako oposaketetan kardiologia saileko epaimahaikide izan zen Izaskun Obietak 2018ko ekainean Osakidetzaren aurrean egindako adierazpenak jasotzen dira, eta bertan Nekane Murga aipatzen du, egun Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu dena. Obietaren hitzetan, Murgak ezagun du aspalditik Osakidetzako iruzurra, bera oposaketetara aurkeztu zenean ondokoa adierazi baitzion: “Azterketarik ez edukitzeko, oso ondo egin duzu”. Deklaraziook EBBko arduradun ohi Belen Greaves-ek hartu zizkion, salaketen ondorioz zabaldutako barne espedientearen harira.

Fiskalaren arabera iruzur zantzuak zituzten arloetako bat da Kardiologia ere, eta iazko oposaketetan arlo horretako epaimahaikide izan ziren bi pertsonak lekuko gisa deklaratu dute epailearen aurrean. Fiskalaren aurretik ere igaro ziren, iruzurraren gaineko beren susmoak adieraziz. Izan ere, arlo horretako plaza libreak haina azterketa ezin hobe aurkeztu ziren. Azterketaren emaitzak jaso aurretik ere baziren susmoak ordea: aurkeztu ziren guztiek gainditu zuten lehen azterketa prestatu zuen Angel Loma-Osorio medikuak epaimahaiari jakinarazi zion “arrazoi sendoak” zituela epaimahaiko zenbait kidek azterketak filtratuko zituztela pentsatzeko. Obietak kezka horrekin bat egin zuen, eta Fiskalak txostenean jaso duenez, dimititzea ere pentsatu zuen.

Obietak 2018ko ekaineko adierazpenetan azaldu zuenez, Murgak bere garaian egindako iruzkin hura iruzurraren zantzua da. Alabaina, pertsona zehatz batzuen kontua izatetik harago, Osakidetzan vox populi den kontua dela jakinarazi zuen. Adierazpenok egin zituenean Planifikazio, Ordenazio eta Osasun Ebaluazioko zuzendaria zen Murga. Gerora hartu zuen Osasun sailburu kargua, iruzur salaketen harira Jon Darponek dimisioa eman eta gero.