argia.eus
INPRIMATU
Nekane Balluerka ez da aurkeztuko EHUko errektore izateko
  • Hauteskundeak azaroan izango dira. 2016an hartu zuen kargua, Iñaki Goirizelaia ordezkatuz.

     

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 10a
Argazkia: Goierriko Hitza

Nekane Balluerkak azaroan utziko dio EHUko errektore izateari. Izan ere, ordiziarrak Vocento taldearekin egindako elkarrizketa batean jakinarazi duenez, ez da datorren azaroko errektoretzako hauteskundeetara aurkeztuko.

Bertan dionez, COVID-19ak sortutako krisiak ez omen du eraginik izan bere erabakian, eta lau urteotan EAEko unibertsitate publikoaren buru izan ondoren, Psikologia Fakultatean eman nahi ditu eskolak berriro, Portaera Zientzien Metodologian katedraduna baita.

Balluerka 2016ko azaroan hautatu zuten errektore, Iñaki Goirizelaiaren ordez. Kargura aurkeztu zen pertsona bakarra izan zen, eta botoen %66 lortu zuen. Hori bai, 47.705 boto-emaileko erroldatik, %12,59ko parte-hartzea baino ez zen izan hauteskunde horietan, 5.866 pertsonak bakarrik eman baitzuten botoa. Zifrak are larriagoak dira ikasleen partetik izandako sostenguari erreparatuz gero: 40.352 ikasletik 1.074k baino ez zuten bozkatu Balluerkaren alde, hau da, ikasleen %2,6ak. Abstentzioa, orotara, %95ekoa izan zen.

2016ko azaroaren 24 hartan, hauteslekuak ia hutsik zeuden bitartean, ikasleek manifestazio handi batekin Leioako campusa bete zuten, errektoretzako hauteskundeak errefusatzeko. Goiz-goizetik Ertzaintzaren hainbat unitate bertaratu ziren, eta Guardia Zibilak Gasteizko campusetik Leioako manifestaziora zihoazten ikasleen autobusa geratu egin zuen. Mobilizazioan zehar, Ertzaintzak ikasle bat atxilotu zuen, eta horrez geroztik istilu gogorrak hasi ziren campusean.