argia.eus
INPRIMATU
Nekane Artola izango da Ikastolen Elkarteko behin-behineko lehendakaria
  • Erik Etxart izango da lehendakariordea eta Unai Mendizabal, berriz, idazkaria. 2024ko ekainera bitarteko postuak izendatu ditu Euskal Herriko Ikastolen Artezkaritza Kontseiluak.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko ekainaren 14a
Koldo Tellituren alboan Nekane Artola, lehendakariorde lanak betetzen, Eusko Legebiltzarreko agerraldi batean. (Argazkia: Eusko Legebiltzarra)

14 urteren ondoren lehendakari aldaketa egin da Ikastolen Elkartean: Koldo Tellituk utzi egin du kargua eta trantsiziorako postuak izendatu dituzte. Behin-behineko postuak izango dira, dena den. Behin betikoak 2024ko ekaineko batzarrean hartuko dira.

Nekane Artola izango da lehendakaria (Pasai-Lezo Lizeoko ordezkaria egun), Erik Etxartek hartuko du lehendakariorde kargua (Bernart Etxepare Lizeoko kidea), eta Unai Mendizabal (Gasteizko Armentia ikastolako ordezkaria), berriz, idazkaria. Bi idazkariordeak, hurrenez hurren, Elena Zabaleta (Baztango ikastola) eta Josune Bañales (Kirikiño ikastola) izango dira. Bost lurraldetako kide bana, beraz. Ikastolen Elkartearen iritziz, "aukera ezin hobea lurraldetasunaren ikuspegitik gobernantza eredu demokratiko eta berdinzale baten baitan gidatzeko".