argia.eus
INPRIMATU
Macron presidente
Nehoiz ez ikusia
  • Emanuel Macron Frantziako V. Errepublikako zortzigarren presidentea atera da bigarren itzulitik. Haatik, ezustez beteriko ziklo elektorala ez da horretan bukatzen.

Jakes Bortayrou 2017ko maiatzaren 08a

Alabaina, presidentea nor den segurua bada ere, irekitzen den fase politikoaren gainerateko parametroak ezezagunak dira erabat: zein gehiengo aterako den legebiltzarreko hauteskundeetatik, zer-nolako aliantzak eginen diren, zer politika eginen eta egiten ahalko duen presidente berriak, zer bilakatuko diren indar politiko handiak eta nola geldituko den panorama politiko berria Frantziako Estatuan? Azken asteetako giro pisua et frankotan bortitza ez da berehala baretuko eta egonkortasunik eza da ikerlari gehienek iragartzen digutena.

Macronen agerpen ustekabea (duela hiru urtez nehork ez baitzuen ezagutzen), bere jeinu politikoaren emaitza dela kontatzen hasi dira zenbait baina krisia eta noraezarik gabeko garai baten seinale da oroz gainetik. Kanpainan zehar, Fillon eta Le Penen kontrako akusazio larriak direla kausa, hautagaien zintzotasuna eztabaida erdian egon da luzaz, hautu sozio politikoen arteko konfrontazioa gaindituz. Lehen itzuliak argi erakutsi du klase politikoaren arbuioa. Are gehiago, azken hamarkadetan aldizka Frantziako Estatua kudeatu duten indar politiko nagusiak (Alderdi Sozialista eta Les Républicains alderdiak) jokoz kanpo gelditu dira. Lurrikara politikoa. Haserre, frustrazio edota esperantza berriak indar handiz agertu dira Le Pen eta Mélenchonen emaitzekin. Bigarren itzuliko alternatiba hanka motz gelditu zen eta bi astez eztabaida bizia eta bortitza izan da, ez soilik hedabideetan, jendartean ere, familietan, lankide eta lagunen artean. Alde batetik eskuin muturreko betiko herra, xenofobia, gezurrak eta demagogia hutsa. Parean aldaketa lasaia irudikatzen duen baina aurrekaririk gabeko gibel-kada soziala proposatzen duen Macron, hain zuzen FN elikatu duen politika neoliberalen jarraipen eta sakontzea.

Batzuek presidente gazte, dinamiko eta ausartaren garaipena laudatzen duten bitartean, beste batzuek zenbakien gordina azpimarratzen dute: hautesleen heren batek nola edo hala, abstenituz edo zuri bozkatuz, errefusatu du bigarren itzuliko hautua. Are gehiago Macronek bildutako 20 milioi bozen artean erdia baino gehiago Le Peni bidea mozteko emana izan da. Biharamun honetan, nehoiz ikusi gabeko egoera baten marka, presidentea interpelatzeko lehengo mobilizazio deitua da Parisen, langileen eskubideen defentsan.