argia.eus
INPRIMATU
Neguko lanetan

Jakoba Errekondo 2020ko abenduaren 10a

Sagardoa botilaratu berria dugu. Aurten sekula baino lehenago. Uda bero eta lehorrak sagarra lehenago ekarri zuen, eta udazkena epeletik joan da. Bost aste lehenago dugu aurten sagardoa botilan, barrikotekoa, barrikakoa, bukoikoa eta upelekoa, denak! Sagardoa botilakoa dela uste dugun horietakoak gara, eta zorrotz zaintzen dugu botilaratzea. Botilan findu eta txinparta punttua osatu behar du, eta bizitzeko bidea ez hartu.

Lanak hilabete lehenago egin beharrak zer pentsatuan jarri behar gintuzke. Landareek erritmo naturaletan egiten dute dantza. Eguzkiaren, lurraren, ilargiaren eta kosmosaren erritmoak eta neurriak ez dira aldatuko; egun argia moztu eta luzatuko da, negua etorriko da urtero bezala aste honetan. Neguko solstizio guztietan bezala eguna luzatzen hasiko da, eta martxoan egunak eta gauak hamabina ordu izango dituzte. Baina galdera da, zer-nolako negua etorriko da? Beroa? Hotza? Eta horrela hemendik atzera datorkigun sasoi eta garai guztiekin. Zer datorkigu? Neguko atseden sasoian, ez eta bai, eztabaidarako gaia...

Bitartean, gure ingurunearen kulturaren erritmoari eutsi behar, eta lanak ere ezin ipularrean utzi. Hona sasoi honetako lan nagusiak. Ekin!

Negutegia baduzu, aireberritu egun argietan; kanporatu hezetasuna ahalik eta gehien; bestela, ederki sartuko da izotza barruraino. Ondoren berotu.

Negutegirik ezean, babestu loreontzietan bizi diren landare hozberak. Eraman toki babesera garrazkiak, geranioak eta abar, atari, aterpe edo antzekoren batera, izotzak harrapa ez ditzan. Toki hori ere hotza bada, berotu ingurunea: jarri belar ondua, orbela, luar ondua edo antzekoren bat loreontziaren inguruan eta gainean. Landareak bildu eta estali, ito gabe.

Lurrean landatuta bizi badira, egin azpiak inguruan, eta bildu eta estali landarea bera gozo-gozo egoteko moduan; egin estalki bat izotza kentzeko, betiere ito gabe.

Landatu baratzean eta soroan freskotarako baratzuriak (Allium sativum), tipulinak (Allium cepa var. cepa), udaberrirako aza jendea (Brassica oleracea) eta marrubia (Fragaria vesca). Erein laboreak, baita baba handia eta baba txikia (Vicia faba), ilarra (Pisum sativum) eta udaberriko porrua (Allium porrum). Estali zurituz gozoago egin nahi ditugunak: kardua (Cynara cardunculus), endibia eta eskarola (Cichorium endivia).

Bildu orbelak luarretarako edo landareen azpiak egiteko.

Hauxe da sasoi onena fruta arbolak, zuhaitzak eta zuhaixkak landatzeko. Era berean orain da garaia su egurretarako edo zur materialetarako enbor gehienak botatzeko.

Urte sasoirik hotzenean, landareetan izerdi gutxiena dabilen honetan, mugitu zeurea eta berotu zaitez. Gero eskertuko duzu. Gero berokoak.