Irungo Lakaxita gaztetxeak Negu Gorriak taldea omenduko du larunbat honetan ospatuko duen Jaion! festan. Urdanibia plazatik –alegia, Moskutik– abiatuko da festa eta hiria gurutzatuko du “Fight D Power_Kamioi System” kamioi musikalarekin.
Fermin eta Iñigo Muguruzak, Kaki Arkarazok, Mikel Kazalisek eta Mikel Abregok 90eko hamarkadan osatu zuten taldeak leku berezia izango du Lakaxita gaztetxearen urteroko zitan.
Gune autogestionatuak hirian duen lekua aldarrikatzen du jai honen bidez eta jada klasiko bihurtua da Irungo kaleak zeharkatzen dituen kamioi musikala. Okupazio sinboliko bat da, Lakaxitako dinamikak Irun osora zabaltzen dituen ekintza aldarrikatzaile eta jai-girokoa.
“Gerrilla musikal” gisa deskribatu dute Lakaxitako kideek Negu Gorriak: Iruni eta, orokorrean, “tokatu zaigun testuinguru historikoari” kritika soziala egiteko tresna asko eman zituen taldeak, haien esanetan.
Gaztetxea 2005. urtean okupatu zuten; Negu Gorriak berriz, 1990tik 1996ra bitartean aritu zen Euskal Herriko eta nazioarteko eszenatokietan –2001ean hiru kontzertu emateko itzuli ziren, Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibilak jarri zien salaketarengatik izan zuten epaiketa irabazi izana ospatzeko–.
Bi proiektuek ez dute denboran bat egin beraz, baina Lakaxitako kideek uste dute, zeharka bada ere, aizkora gurutzatuen taldeak izan duela eraginik gaztetxean: “Ez baitago horrelakorik lan komunitario erraldoi bat gabe, eta ez dagoelako azken hau masa kritikorik ez badago”.
Larunbateko jaiaren berri emateko prentsara igorri duten oharrean argi adierazi dute: “Negu Gorriak taldeak ekarpen handia egin dio guzti hau aldatu nahi dugun herri sektoreei”.
Hiri gerrillaren dantza honetaz gozatu nahi dutenek apirilaren 21an dute zita: 17:00etan abiatuko da kamioia Moskutik, bafleetatik betortzak erakusten.