argia.eus
INPRIMATU
“Negozioa den bitartean, ez da eskubidea izango”, salatu du Etxebizitza Sindikatuen Sareak Jaurlaritzaren ICPH kongresuan
  • Bilboko Euskalduna jauregian Eusko Jaurlaritzak antolatutako Etxebizitza Politiken Nazioarteko Kongresuan salaketa ekintza egin dute. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareko zenbait kide pankarta batekin igo dira oholtzara Iñaki Arriola,  Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailburua hizketan hasi bezain pronto. "Negozioa den bitartean, ez da eskubidea izango", salatu eta 17:00etan Euskalduna kanpoaldean egingo duten protestara deitu dute. Goizean, beste protesta bat egin dute Euskalduna kanpoan Argilan-ESK, Berri Otxoak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta.

ARGIA @argia 2024ko urtarrilaren 29a
Arriola hizlariaren lekuan eta protestariak oholtzan.

Euskal Herrian etxebizitza politiken inguruko nazioarteko kongresu bat antolatu eta etxebizitza sindikatuekin ezertarako ez kontatu izana salatzeko, aldarria kongresuaren bihotzera eraman diote ekintzaile sozialek Jaurlaritzari, nazioarteko publikoaren aurrean. Euskaldunako oholtzan pankarta ireki dute eta istilurik gabe kanpora atera dira, segurtasuneko kideek hala eskatu dietenean.

Ertzaintzak lau kide identifikatu eta Mozal Legea baliatuz hiruri isuna jarri diela salatu dute.

Ondorengo bideoa egin dute, bertan ikus daiteke protesta ekimena.

Arratsaldeko 17:00ean deialdia egina dute Euskalduna jauregiaren kanpoan, ICHP kongresuan espekulatzaileak bildu direla salatuta.

Kanpoan, beste protesta bat

Irekiera ekitaldia ezarrita zegoen momentu berean elkarretaratzea egin dute Argilan-ESK, Berri Otxoak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Eusko Jaurlaritzak “etxebizitza duina” lortzeko prestazioei egindako “murrizketak” salatu dituzte, No a los recortes del derecho a la vivienda. Instituzioen fartsari aurre egin lelopean.

Jaurlaritza etxebizitza eskuratzeko prestazioak murriztu dituela, eta “baliabide hauek pertsona eta bizikidetza-unitate prekarizatuentzat kentzen” ari direla diote protestaren antolatzaileek. Bi neurri aipatu dituzte etxebizitza duina lortzeko aukeran eragina izan dutenak: batetik, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Lege berria, zeinak bizilekuaren kontzeptua birdefinitzen duen; eta bestetik, Etxebizitzaren Prestazio Ekonomikoa (EPE) izeneko laguntzaren sorrera, zeinak aurretik indarrean zeudenak ordezkatuko dituen.

Manifestazioa otsailaren 24an

Argilan-ESK, Berri Otxoak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak “murrizketen, kriminalizazioaren eta pobretzearen aurka” manifestazioa egingo dute datorren otsailaren 24an, 12:00etan, Bilboko Moyua plazatik. Prestazio sozialetan izaten ari diren “murrizketak” ere salatuko dituzte manifestazio horretan.