argia.eus
INPRIMATU
Negozio txikietan ere langileak ari dira
  • Covid-19ak eragindako krisi ekonomiko, laboral eta sozialak agerian utzi ditu milaka negozio txiki, berriz irekitzeko aukerarik gabe ateak ixten ari direnak;  dozenaka mila lanpostu galdu dira horrela.

Juan Mari Arregi 2020ko urriaren 08a
Lanbide Heziketako ikasleak (arg.: Izarraitz)

Agintari eta politikariek sarritan diote: “Ez dugu inor atzean utziko", baina zoritxarrez ez da egia. Sindikatuak eta gizarte-mugimenduak normalean gehiago arduratu eta mobilizatzen dira enpresa handi eta ertainekin edo sektore publikoekin.

Enpresa handietako eta sektore publikoetako langileen ordezkariek mobilizatzeko, komunikatzeko eta medioen arreta pizteko gaitasuna dutenez, mundu guztiak ezagutzen du haien egoera, hala nola ITP, Gestamp, Gamesa, Trenasa, Tubacex, Deustuko Matrizeriak, GT, La Naval edo sektore publikoena, hezkuntzakoa eta osasungintzakoa kasu. Hala ere, beren zerbitzura lan egiten duten milaka pertsona gehiago ere badaude (laguntzaileak, azpikontratak, hornitzaileak, ostalaritza zerbitzuak, garraioa…) krisiaren ondorioz enplegua galtzen ari direnak.

Horren aurrean, politika sozial integratzaile eta etorkizuneko ikuspegia dutenak bilatu beharko lirateke. Egoera honek iraun eta Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteak indarrean dauden bitartean –baita aurrerago ere–, administrazioek aprobetxatu beharko lukete langileak pertsonalki gaitzeko bizitza duin bat izan dezaten, bereziki gazteenak.

Manpower-Group aholkularitzaren arabera, 2019an Espainiako Estatuan –Frantziako Estatuko daturik ez dugu eskura– betetzen zailenak ziren eskuzko lanbide kualifikatuak hauek ziren: argiketariak, soldatzaileak, mekanikariak, arotzak, igeltseroak eta iturginak. Unibertsitatetik igarotzen direnetako askok langabezia-poltsak betetzen dituzte edo erbesteratu egin behar izaten dute.