Hezkuntza publikoko irakasleok hamabost urtetan berriztu gabeko lan-hitzarmena eguneratzeko eta hobetzeko beharra eta eskubidea dugu. Horretarako, benetako negoziazio batean murgilduta egon beharko genuke, baina errealitatea negargarria da. Negoziazio batean, alde oro ados jartzeko, konfiantza eta eskuzabaltasuna oinarri izan behar dira, helburu jakin batera iristeko. Kasu honetan, Hezkuntza Sailaren jarrerak ez du laguntzen helburura iristen: ahoz esaten dutena ez dute betetzen, partzialak dira bidaltzen dituzten proposamenak, berandu bidaltzen dituzte gainera, eta eskaintzen dutena bera iraingarria da Euskal Eskola Publikoa erreferente izatea nahi duen ororentzat.
Urtarrilean Hezkuntza Publikoko hainbat kolektibok mobilizazio dinamikak martxan jarri genituen sindikatuon gehiengo zabalarekin. Kolektibo denak elkarrekin, bakoitza bere espazioarekin: irakasleak, haurreskolak partzuergoko hezitzaile eta langileak, eta sukaldari-garbitzaileak. Kolektibo bakoitzak bere ibilbidea izan du, eta gaur gaurkoz irakasleen lan gatazka da konpontzeko gelditzen den bakarra.
Negoziatzeko prestasun garbia du STEILAS sindikatuak, borrokarako ere bai, ordea. Argi dugu, Euskal Eskola Publikoko irakasleak lan-hitzarmen berria eta eguneratua behar dugula
Irakasleon sektorean sindikatuok hainbat hartu-eman izan ditugu Hezkuntza Sailarekin. Urtarrilean eta otsailean greba deialdiak adostu eta burutu genituen STEILAS, LAB, ELA eta CCOO sindikatuok, lan gatazka konpontzeko helburuz, argi baitago grebak direla administrazioa mugiarazten duten erreminta bakarra. Greba horiei esker, azken hamabost urteetan egon ez den nolabaiteko martxa hartu du negoziazioak. Esan genezake abiapuntu erreala eta materiala martxoaren 25ean ordu txikietan eskaini zutena izan zela, nahiz eta goizaldean Hezkuntza Sailak aldebakarrez hautsi zuen negoziazioa. Urtarril eta otsailean egindako greba jendetsuei, martxoan bost greba egun arrakastatsu gehitu dizkiegu, eta horretaz gain, euskal eskola publikoko komunitateko kideek babes zabala eskaini diete gure aldarrikapenei, eta hala ere, eta horren guztiaren kontra, Hezkuntza Saila negoziazio mahaiaren jitea larritasuneraino tenkatzen ari da.
Hezkuntza Sailaren azken eskaintza esku artean, negoziazioko bloke guztietan gabeziak eta xuhurkeriak agerikoak dira: gazteberritze planean atzerapausoak, soldataren igoera ñimiño baldintzatua, baliabideei dagokionez eskasia edonon; orokorrean, zakurraren putza!
STEILAS sindikatuak Hezkuntza Publikoko irakasleen lan akordioaren negoziazioa erantzukizun osoz hartzen du, egoera berak hala eskatzen baitu. Eskuzabaltasunean eta konfiantzan oinarrituta ari garen arren, Hezkuntza Sailak, sektorean lehen indarra garen sindikatua serio hartu ez, eta barre eta trufa egiten ari zaigun sentipena dugu.
Negoziazioak egiazki negarrerako zioak ipintzen dizkigu aurrez aurre. Amorruak eta aurrera egin ezin horrek negargurari ematen dio bide, batetik, bestetik, ordea, malko horiek elikatzen dituzte, baita ere, borroka dinamika berriak aurrera eramateko grina eta indarra: maiatzean aste osoko grebara deitu ditugu irakasleak. Negoziatzeko prestasun garbia du STEILAS sindikatuak, borrokarako ere bai, ordea. Argi dugu, Euskal Eskola Publikoko irakasleak lan-hitzarmen berria eta eguneratua behar dugula, ez hamabost urte zaharkituta dagoena. Sindikatuon aldarrikapen zehatzak eta aletuak badituzte jada. Horrexegatik, Euskal Eskola Publikoa duintzeko borondatea da nabarmen falta zaiena. Lan gatazka gainditzeko neurriak hartzeko eskatzen diogu Hezkuntza Sailari.
Yolanda Porres, Haizea Arbide eta Javi Kerexazu, STEILAS sindikatuko ordezkariak