argia.eus
INPRIMATU
Neandertalak gai ziren hitz egiteko, ikerketa batek erakutsi duenez
  • Neandertalek egungo gizakiaren entzumen gaitasun bera zutela erakutsi du Atapuercako aztarnetegiari loturiko nazioarteko ikerketa talde batek froga paleontologikoen bidez. Horrek hitz egiteko gaitasuna emango lieke ikerkearen arabera eta ondorioztatuko luke gure espeziea ez dela izan bat eta bakarra ahalmen hori izan duena.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2021eko martxoaren 02a
Neandertal baten (eskuina) eta gizaki \"moderno\" baten (ezkerra) belarrien errekonstrukzioa 3D modelo batean (arg.: EurekAlert / Mercedes Conde-Valverde)

Neandertala humanoago bihurtzen duten gero eta froga gehiago ari dira aurkitzen arkeologo eta paleontologoak azken urteetan, baina Nature Ecology and Evolution aldizkari zientifikoan argitaraturiko ikerketak urrats nabarmena eman du norabide horretan: espezie horrek hitz egiteko gaitasuna zuela erakusten duten froga paleontologikoak egin dituzte.

Burgosko (Espainiako Estatua) Atapuercako Hezurren Leizeari loturiko nazioarteko aditu talde batek egin du ikerketa. Hainbat neandertalen aztarnetatik abiatuta, haien belarrien egiturak berregin dituzte eskanerren bidez eta konparaketak eginez ondorioztatu dute egungo gizakiaren entzuteko gaitasun bera zutela; horretarako soinuak erreproduzitzen dituen programa berezi bat erabili dute. Bi espezieek frekuentzia bereko soinuak entzuten zituzten: neandertalek bokalak eta kontsonanteak bereizten zituzten, hitzen esanahia ulertu eta hitz egiteko gaitasuna ematen duen ezaugarria.

Gaitasun hori edukiagatik, nola jakin ordea hitz egiten ote zuten? Ikerlariek ez dakite, baina neandertalen inguruan aurkitu diren aztarnek erakusten dute kultura sendo bat zutela, erritual bereziak, jokabide eta harreman konplexuak… horrek guztiak iradokitzen die komunikazio "konplexu eta eraginkor" baten beharra ere bazutela, "egungo gizakiena bezalako", adierazi dio La Vanguardia egunkariari Mercedes Conde-Valverde ikertzaileetako batek.

Neandertal gizakia Europa osoan eta Asiako zati batean bizi izan zen duela 230.000 urtetik gutxienez 40.000 urtera arte. Teoria eta hipotesi asko zabaldu dira bere desagerpenaren inguruan, horien artean klasikoena egungo gizakiak tokia kendu ziola gizaki “primitiboari”. Gero eta garbiago dago, baina, neandertalak garapen eta aurrerakuntza ugariren jabe izateaz gain, Homo sapiens sapiens gizakiarekin harreman uste baina estuagoa izan zuela eta hibridazioa ere gertatu zela, askoren esanetan. Orain badakigu, agian, euren artean hitz egiten zutela. Eta hala ere, desagertu egin ziren.