argia.eus
INPRIMATU
Neandertal arkaiko baten fosilak aurkitu dituzte Karrantzako El Polvorínen
  • Neandertal baten 18 arrasto aurkitu dituzte Karrantzako El Polvorín kobazuloan dagoen beheko galerian, Lehenengo Osina deitua. Guztiak banako bakarrarenak direla uste dute, eta, haien ezaugarri morfologikoetan oinarrituta, neandertal arkaikoenak direla azaldu du Asier Gómez Olivencia ikerketaren zuzendariak. “Erradioak (besaurreko hezurra) Atapuercako Hezurren Osineko fosilen antza du; beraz, gutxienez, 150 mila urte dituela esan dezakegu. Hala ere, lan-hipotesi modura, 200.000-300.000 urte izan ote ditzakeen aztertzen ari gara; baina, oraingoz, ez dugu ebidentziarik hain zaharra dela baieztatzeko”.

Ana Galarraga @AnaGalarraga1 Elhuyar @elhuyaraldizk 2024ko ekainaren 13a
Garezurreko hezur frontalaren zati bat, El Polvoríneko 1. osinean aurkitutakoa, 2022an. Argazkia: Javier Trueba/Madrid Scientific Films

Erradioaz gain, garezur-zatiak, esku falange bi eta beste hezur batzuen zatiak aurkitu dituzte, eta ez dagoenez elementurik errepikatuta, eta, gainera, denak garapen-fase berekoak direnez eta koherenteak direnez, banako berberarenak direlakoan daude. “Heldu batenak dira, nahiko txikia; horregatik uste dugu agian emea izan zitekeela. Dena dela, ez dugu pelbisaren hezurrik; hortaz, ezin dugu jakin”. Andere deitu diote.

El Polvoríneko Lehenengo Osina ez da oso irisgarria, baina ikertzaileak ez ziren itsuan joan hara, giza fosilak aurkitzeko itxaropenarekin; Bizkaiko Arkeologia museoan gordetako hezur-poltsa batek jarri zituen arrastoan, 2020an. Urte hartan, Gómez Olivencia berak, El Polvoríneko faunaren hezurrak zituen poltsa bat ireki zuen, eta giza orno bat aurkitu zuen, eta une hartan ez zion garrantzi handiagorik eman. Hilabete pare bat geroago, ordea, beste kide batekin esku falangea aurkitu zuten, eta neandertal-morfologia zuela ohartu ziren. “Izan ere, museoak ere aztarnategiak dira”.  Hala, 2021ean, ikerketa-proiektu bat jarri zuten martxan, faunaren eta giza arrastoak aztertzeko, testuingurua interpretatzeko eta kronologia zehazteko. 

 

El Polvoríneko aztarnategi bereko erradioa, 1983an jasoa. Argazkia: Javier Trueba/Madrid Scientific Films

 

Testuingurua ezagutzea xede

Aurkitu diren fosilak erosioz sortutako sedimentuetan zeuden; horregatik ez dituzte datatu oraindik. “Datazio zuzena ere, suntsigarria denez, oraingoz ez dugu egin”, adierazi du Gómez Olivenciak. Hortaz, testuingurua ikertzen jarraituko dute, kronologia zehaztu ahal izateko.

Ildo horretan, El Polvoríneko Lehenengo Osinean 1983 eta 2000 urteen artean aurkitutako hartz-hezurrei buruzko ikerketa tafonomiko bat nabarmendu du. Haren arabera, han zeuden hartz-hezurrak ez ziren hienak edo gizakiak metatutakoak izan, baizik eta lekuan bertan hil zirenenak. Gainera, bi sasoi desberdinetako leize-hartzak aurkitu dituzte: batetik, Pleistozeno berantarriekoak (Ursus spelaeus), bestetik, espezie zaharragoko batenak (Ursus deningeri), erdi pleistozenokoa. Handik gertuko beste aztarnategi batean aurkitu ziren Euskal Herriko espezie horren hezur-multzorik handiena, eta 300.000 urte inguru dituzte.

Horrenbestez, neandertal-fosil horiek datatzeko eta interprestatzeko, testuingurua ezagutzea gako izango dela baieztatu du Gómez Olivenciak. 

Bizkaiko Arkeologia museoan egin dute fosilen aurkezpena, Asier Gómez Olivencia EHUko Geologia saileko Ramón y Cajal ikertzailearen eskutik. Ikerketan, bere saileko kideak ez ezik, beste unibertsitate eta zentro batzuetako ikertzaileak ere aritu dira elkarlanean (CENIEH, IPHES, Madrilgo Unibertsitate Complutensea, Bordelekoa, Parisko Historia Naturaleko museoa, Cambridgeko Unibertsitatea).

 

Paleontologoak El Polvoríneko 1. osineko aztarnategian lanean. Argazkia: El Polvoríneko aztarnategiko ikerketa-taldea.