argia.eus
INPRIMATU
“N'Diawaldy Bouly” eta “Karta astrala”, Euskal Zine Bilerako film onenak
  • "600 bat biztanleko Mauritania hegoaldeko herrixka da N’Diawaldi Bouly. Bertan, gogorra da bizitza, apenas duten bizirauteko. Baina jendea atsegina, solidarioa eta dibertigarria da. Euren herria maite dute eta zoriontsuak dira". Hori du argumentua Natxo Leuzak zuzendutako N’Diawaldy Bouly lanak; Lekeitioko 39. Euskal Zine Bilerako film onenaren saria irabazi du, profesional mailan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2016ko urriaren 24a
Sariaren dirua Mauritaniara joango dela esan du Natxo Leuza zuzendariak (Argazkia: Euskal Zine Bilera).

Ekoizpen onenaren garaikurra ere lortu du pelikulak, eta Natxo Leuzak adierazi du sariaren diru guztia filmean ageri diren tribuko kideei emango diela.

Maiteren krisialdia ere, garaile

Amateur mailan, Maite Bidarte eta Koldo Garcíak zuzendutako Karta astrala lanak jaso du film onenaren saria, eta gidoi onenarena ere eurentzat izan da. "Krisialdi bat pasatzen ari da Maite, ezer ez da uste zuen bezala. Jakin badaki, soilik pertsona batek lagunduko duela krisia gainditzen. Horregatik, ez du amore emanen pertsona hori aurkitu arte". Hala dio filmaren sinopsiak.

Zuzendaritza onenaren saria Jorge Gil Munarrizek (Xinta dantza) eskuratu du profesionaletan eta Felipe Ugartek (Hasiera) amateurretan. Ekoizpen onenarena, amateurretan, Joxean Coya Ayudánentzat (Korronteari aurre. Euskal balezaleak Islandian) izan da eta gidoi onenarena, profesionaletan, Begoña Vicariorentzat (Beti bezperako koplak). Argazki onenaren saria berriz, Jorge Gil Munarrizek eta Sergei Soberak (Euphoria) jaso dute.

Sari berezien artean, Eneko Zuberoren 280º lanak irabazi du Gaztea 22 saria, eta Beti bezperako koplak lanarentzat izan da Antzar Morea, genero ikuspegia ongien landu duen filma izateagatik.

Duela 39 urte zinemaldi hau martxan jartzen lagundu zuen Benito Ansola omendu dute sari banaketan. “Garrantzitsuena da zinea egitea eta euskaraz egitea”, gogoratu du Ansolak.