argia.eus
INPRIMATU
40 estatuk “gogor gaitzetsi” dute Israelek NBE-n kasko urdinei eraso egin izana
  • Azken egunetan gutxienez Nazio Batuen Erakundeko bost kasko urdin zauritu ditu Israelgo armadak, UNIFIL Nazio Batuen Libanorako Indar Behin-Behinekoak duen egoitza nagusiaren kontrako erasoetan, Naqoura herrian. Netanyahuk esan du kasko urdinak “giza ezkutu” gisa baliatzen dituela Hezbollah milizia xiitak, eta bere tropak Libanotik ateratzeko eskatu dio NBEri. NBEk uko egin dio eta gogor gaitzetsi dute Israelen jokabidea.

ARGIA @argia 2024ko urriaren 14a
Israelek eraso egin die NBE-ko kasko urdinei.

Israelek onartu egin du tanke bat sartu duela NBEren Libano hegoaldeko basean, Hezbollah miliziaren eraso batean zauritutako soldaduak ebakuatzeko. “Israelgo Armadak ez du inolako arriskurik sortu NBEren indarrentzat”, azaldu dute. Aldiz, UNIFILek jakinarazi du hainbat kidek zauriak jasan dituztela (narritadurak azalean eta arazo gastrointestinalak, besteak beste), instalazioetara lehergailuen kea sartu delako.

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk adierazi du hainbatetan eskatu diotela NBEri bere soldatuak eremu horretatik ateratzeko, Hezbollah-k giza ezkutu moduan baliatzen dituelakoan. “Idazkari nagusi jauna, atera itzazu UNIFILeko tropak arriskutik; orain bertan egin beharra dago, berehala”. Gaineratu duenez, uko egiteak arriskuan jartzen ditu bai NBEren bai Israelgo soldaduak: “Sentitzen dugu UNIFILeko soldaduak zauritu izana, eta eskura dugun guztia egiten ari gara horrelakoak saihesteko. Baina modurik errazena litzateke soldaduak arrisku-eremutik ateratzea”.

“Onartezina”

Europar Kontseiluko presidente Charles Michelek adierazi du “onartezina” dela kasko urdinei eraso egitea, nazioarteko zuzenbidea “urratzen” duelako. Aurrekari arriskutsua dela uste du, NBEk beste herrialde batzuetan dituen soldaduek antzekoak jasan ditzaketelako. NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek eta Indonesiako Atzerri ministro Retno Marsudik ere Israelen jokabidea gaitzetsi dute; eta Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek Mendebaldeari eskatu dio “Netanyahuren gobernuari armak bidaltzeari uzteko”. Bestalde, Human Rights Watch (HRW) gobernuz kanpoko erakundeak NBEri eskatu dio kasko urdinen aurkako erasoak ikertzeko. Israel “gerrako legeak urratzen” ari da, salatu du.

Israelek 42.000 palestinar baino gehiago hil ditu Gazan

Gazako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, Israelgo Armadak 42.200 pertsona baino gehiago hil eta ia 100.000 zauritu ditu Gazan, 2023ko urriaren 7az geroztik. Kopurua, gainera, gora eta gora egiten ari da etengabe, Gazan soilik ez, baita Libanon ere, non Israelek 2.300 lagun baino gehiago hil eta 10.500 zauritu dituen, Gobernuak jakinarazi duenez.

Gazako agintariek adierazi dute Zerrendaren iparraldean 400.000 palestinar inguru daudela, eta Israel "hilketa sistematiko oldea" egiten ari dela zonalde horretan, "zibilen aurka, emakume eta haurren aurka bereziki". Igandean, hilak 13, Israelek 19 lagun hil ditu eskola baten aurkako erasoan, Al-Mufti inguruan. Desplazatutako familia ugari zegoen eraikinean. Halaber, gaur goizaldean gutxienez lau palestinar hil ditu Al-Aqsako ospitaleko desplazatuen kanpadenden kontrako bonbardaketan. Israelek esan du “terroristen aurkako eraso zehatza” izan dela.

Bestalde, Libanoko Gurutze Gorriak igandean salatu du hainbat kidek zauri arinak jasan dituztela, Israelek jaurtitako bonben ondorioz. Etxebizitza bat bonbardatu du Israelgo Armadak, eta Gurutze Gorriko paramedikuak zaurituak artatzera hurbildu direnean, bigarrenez egin du eraso.

Iran: "Ez diogu gerrari beldurrik, baina ez dugu gudarik nahi, bakea baizik”

Israelek Gaza eta Libanoren aurkako erasoak eten arte bakearen alde lanean jarraituko duela adierazi du Irango Atzerri ministro Abbas Araqchik, baina nabarmendu du Iran gerrarako prest ere badagoela. "Irango Islamiar Errepublikak ez ditu tentsioa, gatazka eta gerra hauspotu nahi, nahiz eta edozein egoerari aurre egiteko prest dagoen. Gerrarako prest gaude, baina baita bakea lortzeko ere", esan du. “Ez diogu gerrari beldurrik, baina ez dugu gudarik nahi, bakea baizik, eta horren alde egingo dugu, bai Gazan baita Libanon ere".