argia.eus
INPRIMATU
NBEren esanetan, Melillako harresian gehiegizko indar erabilera egon zen eta ikertu behar da
  • Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak adierazi du “hunkituta” eta “triste” dagoela Melillako harresian migratzaileek jasotako biolentzia mailarekin eta hori onartezina dela. Nazioarteko erakundeak gertaerak ikertzera deitu ditu Espainia eta Maroco.

ARGIA @argia 2022ko ekainaren 29a

Guterresen esanetan, herritaldeek migratzaileen giza eskubideak eta duintasuna lehenetsi behar dituzte, eta NBEren bozemaile Stéphane Dujarric-ek gaineratu du gertaerak “onartezinak” direla: “Askotan aipatu dugu migratzaileak eskubideak dituztela, baina estatuek sarri ez dituzte errespetatzen migrazioaz sinatu dituzten itunak, eta guk jarraituko dugu estatuak presionatzen Munduko Migrazioaren Itunean sinatu zutena errespeta dezaten”.

Espainiako eta Marokoko polizien biolentziaren eraginez, ofizialki 27 pertsona hil ziren joan den ostiralean Nador eta Melilla arteko mugan, migratzaileak bi hiriak banatzen dituen hesiaren gainetik jausi egiten saiatu zirenean, baina GKE ugariren esanetan, dagoeneko 37 dira hildakoak eta gehiago ere izan daitezke.

Dujarric bozemailearen adierazi duenez, biolentzia hori gehiegizkoa izan da, bai Espainian bai Marocon, eta gertaerak ikertu behar dira.

Hemen azpian irakur daiteke ingelesez Guterresek txio bidez zehatz mehatz adierazitakoa:

Grande-Marlaskak Poliziaren jokaera defendatu du

Espainiako Kongresuan hainbat diputatuk egindako galderei erantzunez, Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak defendatu du Espainiako poliziak izandako jokaera, eta doluminak agertu dizkie hildako migratzaileen familiei. Hala ere, 2.500 pertsonek harresiaren gainetik jauzi egiteko saioa adostutakoa izan zela esan du, eta horren aurrean polizien larruan ere jarri behar dela.

EH Bilduko Jon Inarrituk galdegin dio ea zer egiten zuten Marokoko poliziek Espainiako lurraldean migratzaileak hatzeman eta Marokora itzularaziz, eta ministroak erantzun dio "frogarik izan ezean, ez dezala horrelako faltsukeriarik esan". Joan den larunbatean Público egunkariak argitaratutako albistean eta bideoan, aldiz, argi ikusten da nola ari diren Marokoko poliziak Guardia Zibilen artean migratzaileak harrapatu eta Marokorantz eramaten.