argia.eus
INPRIMATU
NBEko pobrezian adituak EAE bisitatuko du, Espainiako desberdintasun sozialak aztertzeko bidaiaren baitan
  • Espainiako Estatuan desberdintasun sozial esanguratsuak daudela iritzirik, egoera aztertzeko bidaia abiatu du NBEko pobrezian aditu Philip Alstonek. “Informeak irakurtzen dituenak badaki etxebizitza krisia dagoela Espainian”, adierazi du.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 28a
Bilboko kalean emakumea eskean (Argazkia: eldiario.es)

Muturreko pobreziari buruzko NBEko kontalari Philip Alstonek urtarrilaren 27an eman dio hasiera Espainiako Estatuan barrena egingo duen birari. Kalteberatasun, desparekotasun eta langabezia maila zein den aztertzeko xedez, hamabi egunez jardungo du bateko eta besteko autonomia-erkidegoetako egoera aztertzen. EAE da Alstonen helmugetako bat.

Bisita egin aurretik azpimarratu zuenez, babesik txikiena duen biztanleriak arazo esanguratsuak pairatzen dituela iradokitzen duten adierazleak daude. Bere hitzetan, “informeak irakurtzen dituenak badaki etxebizitza krisia dagoela Espainian”.

“Espainia Europako bosgarren ekonomia handiena da, baina hala ere, pobrezia maila ikaragarri altuak ditu”, adierazi du, eta horrek zenbait galdera planteatu beharra iradokitzen duela gehitu: zeinentzat izan da onuragarria ekonomia-hazkundea? Eta zein geratu den atzean?

NBEk azaldu duenez, krisiaren ondorioz, 2018tik %2,3 igo da pobrezia edo bazterketa sozial arriskuan dagoen herritarren ehunekoa; egun, 100 pertsonatik 26 daude arrisku egoera horretan. NBEko kontalariak oraindik Suitzan zela egindako adierazpenen arabera, finantza krisitik hamarkada bat baino gehiago igaro den honetan, "Espainiako pobrezia eta desberdintasun adierazle askok krisi aurretik baino maila askoz altuagoak dituzte”.