argia.eus
INPRIMATU
NBEko kide diren zortzi herrialdek LGTBI pertsonei heriotza zigorra aplikatzen diete
  • LGTBI komunitateak mundu osoan bizi duen egoerari buruzko txostena kaleratu du Gay, Lesbiana, Bisexual, Transexual eta Intersexualen Nazioarteko Erakundeak (ILGA). 72 herrialdetan homosexualitatea debekatuta dagoela eta hamabitan heriotza zigorra aplikatzen dela aditzera eman dute.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko maiatzaren 17a

Azken urteetan aurrerapenak lortu direla jakinarazi du ILGAk. Munduko 23 estatutan sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak onartzen dira eta behera egin du homosexualitatea ilegala den herrialdeen kopuruak.

Hala ere, datuak kezkagarriak dira oraindik: 72 herrik zigortzen dute homosexualitatea eta horietako hamabik heriotza zigorra ezartzen dute. Zortzi NBEko estatuak dira: Iran, Saudi Arabia, Yemen, Sudan, Somalia, Nigeria, Irak eta Siria. Beste bostak Pakistan, Afganistan, Arabiar Emirerriak, Qatar eta Mauritania dira. Arriskutik ihes egiteko, herrialde hauetako pertsona askok asilo eskaerak egiten dituzte beste herrialdetan.

Estigmatizazioak eta jazarpenak gora egin dute eta onarpenak eta babesak, ordea, behera: herrialdeen %25ak ez du LGTBI pertsonak babesteko neurririk eta soilik bederatzik zehaztuta dute konstituzioan orientazio sexualarengatik diskriminatutako pertsonak babesteko beharra.

Homosexualitatea dagoeneko ez da ikusten gaixotasun bezala, baina oraindik “tratamenduak” jasotzera behartzen dituzte pertsona asko. Hiru herrialdek baino ez dituzte legez debekatu: Brasil, Malta eta Ekuador. PlayGraund-ek jaso duen testigantzaren arabera, Txinan zentro psikiatrikoetan sartzen dituzte homosexualak eta drogak eta gehiegikeria fisiko eta psikologikoak egiten dizkiete.