Iazko udan NBEk praktikak ordaintzen ez dizkiela salatu zuen erakundeko bekadun batek. NBEren arabera, "ordaindu edo ez estatu kide bakoitzari dagokio", eta ez erakundeari berari.
Genevako egoitzako bekadunak sortu zuen eztabaida, txantxa moduan hirian gela bat alokatzeko dirurik ez eta kanpin denda batean bizi zela esan zuenean. Txantxari jarraituz, hiri ugaritako egoitzetan lan egiten zuten bekadunak antolatu eta ekimena jarri zuten martxan. NBEko praktika "elitistengatik" kobratzeko eskubidea aldarrikatzea dute helburu.
Quality and fairly remunerated interships initiative izenarekin abiatu zuten mugimendua, eta sare sozialetan nahiz komunikabideetan geroz eta presentzia handiagoa lortzen ari da.
NBEko funtzionarioen soldataren batazbestekoa hileko 6.000 dolarrekoa da (5.320 euro) glassdoor.com-en arabera. Horrenbestez, bekadunek "gutxieneko soldata jasotzeko eskubidea" dutela uste du Mariak, New Yorken praktikak egiten dabilen 26 urteko katalanak. "Mundu guztiak ezin du sei hilabete bere herrialdetik kanpo eman ordaindu gabeko praktikak egiten", adierazi du La Marea hedabidean.
Bekadunek egindako ekimenen artean, Ban Ki-Moon NBEko idazkari nagusiari gutuna idatzi diote gutxieneko soldata ordaintzeko eskatuz. Aldaketarik egin ezean, NBEren egoitzetan manifestatzen jarraituko dutela adierazi du Alessandro bekadun italiar-txiletarrak. "Sistema erabat elitista da NBErena, eta bazterkeria sozioekonomikoa da sistema horren emaitza".