181 estatu kideetatik 124k babestu dute neurria, eta hamalauk soilik bozkatu dute kontra. Ez da erabaki loteslea, eta ez da espero honen ondorioz Israelek jarrera aldatzerik.
Munduko herrialde gehienek mezua bidali diote Israeli, eta datozen hamabi hilabeteetan Palestinako lurren okupazioa amaitu dezala agindu diote. NBEko Batzar Orokorrean bozkatu da ebazpena irailaren 18an, eta gehiengo zabalak babestu du Palestinaren ordezkaritzak aurkeztutako proposamena.
124 herrialdek eman dute baiezkoa, Espainia eta Frantzia barne, eta hamalau herrialdek soilik bozkatu dute aurka, tartean daude Argentina, Txekia, Hungaria, AEBak eta Israel bera. Alemania, Erresuma Batua edo Italiak abstentziora jo dute, beste 40 herrialderekin batera.
Joan den ostegunean onartutako ebazpena ez da loteslea, eta ez dakar Israel betetzera behartzeko neurririk. Iraganean sionisten genozidioaren edo okupazioaren aurka egondako beste hainbat ebazpenekin gertatu bezala, ez da espero gauza handirik aldatzea. Israelek, AEBen babesa izanda, inpunitatea bermatua du Segurtasun Batzordean, eta badakiela erakutsi izan du maiz, jarri zaizkion marra gorriak gaindituta.
Hala ere, berritasunen bat ekarri du azken ebazpen honek. Lehen aldia da NBEren historian Palestinak proposatzen duena ebazpen bat, Batzar Orokorreko kideek bozkatu dezaten. Estatu begiralea izaten jarraitzen badu ere, eskubide eta ahalmen gehiago jaso zituen Palestinak maiatzean. Palestinako ordezkaritzak “historikotzat” jo du ebazpena onartu izana.
Mendebaldeko herrialde nagusiek ez dute Israel babestu, ez bada abstentzioaren bidez, AEBek izan ezik. Israel isolatua gelditu dela adierazi dute zenbait iturrik, New Yorken hastekoa den NBEren topaketaren aurretik. Irailaren 24an hasita, sei egunez elkartuko dira bertan herrialdeetako agintarien hitzaldiak partekatzeko.
Ebazpenak agintzen du “Israelek berandutu gabe amaitu dezala Palestinako Lurralde Okupatuetan duen legez kontrako presentzia, nazioartearekin duen erantzukizunaren aurka era jarraituan mantendu duen ekintza bidegabea, hamabi hilabete baino lehenago”.
Israeli agintzen dio nazioarteko legedia bete dezala, eta bere indar militarrak atera ditzala Palestinatik, berehala eten dezala kolonia berriak sortzeko jarduera oro, kolono guztiak ebakuatu ditzala okupatutako lurretatik eta Zisjordania barruan eraikitako harresia eraitsi dezala.
Ebazpenak ere agintzen du Israelek lurra itzuli behar duela, eta baita bestelako jabetzak ere. 1967an okupazioa hasi zenetik lapurtutako ondasun guztiak itzuli behar ditu, palestinarrei eta beren erakundeei lapurtutako ondare kultural guztia barne. Okupazioaren ondorioz lekualdatzera behartutako palestinar guztiei bueltatzen utzi behar diela ere agindu du Batzar Orokorrak, eta erreparazioak egin behar dituztela sionistek okupazioak eragindako kaltea konpontzeko.
NBEko Batzar Orokorrak onartu duen ebazpenak oinarri gisa dauka NJAk uztailean ateratako ebazpena. Bertan ebatzi zuten okupazioa legez kontrakoa zela eta munduko estatu guztiak zeudela behartuta Israeli “okupazioa mantentzeko laguntza ukatzera”. Munduko auzitegi nagusiak adierazi zuen Israel botere gehiegikeria egiten ari dela indar okupatzaile gisa, koloniak eraiki eta handituz, zonaldeko baliabide naturalak erabiliz, lurrak anexionatu eta kontrol iraunkorrak ezarriz eta, finean, Palestinaren autodeterminaziorako eskubidea ukatuz.